Laudioko Txosna Batzordeak Aldai plazara itzultzea exijitu dio udalari

Aitor Aspuru Saez 2019ko ira. 12a, 11:30

Positiboki baloratu du Laudioko Txosna Batzordeak bere jarduera. / Aiaraldea.eus

Laudioko Txosna Batzordeak gaur zabaldu du sanrokeen balorazioa, eta aldarrikatu du Aldai plazan okupatu zuen lekura itzuli nahi dutela.

Gaur jakinarazi du Laudioko Txosna Batzordeak zein den aurtengo jaien inguruan egiten duen balorazioa. Lehenik eta behin, urte osoan lanean egon diren eragile eta norbanakoen ekarpena eskertu du eragileak.

Edonola ere, batzordeak balorazioaren zatirik handiena Laudioko Udalari bideratu dio, eta aldarria zabaldu du: "azken lau urtetan izandako kokalekura bueltatzea eskatzen dugu“.

Txosnetan aritzen diren taldeek uste dute ez dagoela inolako arrazoirik toki hori ez baliatzeko: "Aldai plaza bi goizez bakarrik erabili izan da (aurreko urteetan bertan egiten ziren ekintzak kontuan hartu gabe) eta gainera argi geratu da gure egitarauarekin guztiz bateragarriak zirela hauek. Are gehiago, esango genuke plaza hutsik egon dela momentu puntual batzuk salbu, lekuak eskaintzen dituen aukerak eta baldintzak aprobetxatu ez direlarik, ez txosna batzordeak, ez beste inork ere”.

Txosna batzordearen aburuz, "inposizioa" izan da leku aldaketa eta arazoak sortu dizkie: "besteak beste, erabakita genuen azpiegitura, baita egitarauaren zati batzuk moldatu beharra ekarri zuen. Eszenatokiaren altuerak, adibidez, bertan egindako ekintzen ikusgarritasunean eragin negatiboa izan du”.

Eragileak aldarrikatu du oztopo guztiak konpontzeko gaitasuna erakutsi dutela eta modu positiboan baloratu dute herritarren partaidetza jai guztietan zehar. Zentzu horretan, uste dute goizeko Familiaguneak erreferentzialtasuna irabazi duela, baita Odoloste Egunean egiten den bazkariak ere.

Aurrera begira
Gauzak horrela, Txosna Batzordeak iragarri du berehala hasiko dela lanean 2020ko jaiak prestatzeko: "irailetik aurrera jaiak antolatzen ditugun herritar eta eragile guztien aldetik lan egiteko modu parte hartzaileago eta integratzaileagoa behar dela uste dugu. Txosna batzordetik prestutasuna erakusten dugu hurrengo urtera begira beste kolektiboekin hitz egin eta elkarlanean aritzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide