Bi irakurketa klub eskainiko ditu Txani Rodriguzek aurten Laudioko Udal Liburutegian, euskaraz bata eta gazteleraz bestea. Lehena urriaren 7an, azaroaren 4an, azaroaren 25ean eta abenduaren 16an bilduko da. Bigarrena, aldiz, ondorengo egunetan burutuko dute: irailaren 23an, urriaren 21ean, azaroaren 18an eta abenduaren 9an.
Zita guztiak 19:30ean izango dira. Parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, liburutegian bertan.
Klubaren egitura “nahiko informala” izango dela aurreratu du Rodriguezek. “Nik sarrera txiki bat egingo dut lehenbizi, liburuaren eta idazlearen nondik norakoak azaltzeko. Galderak egingo ditut gero, guztien artean erantzuteko”.
Ariketa “atsegina” izango dela uste du idazle laudioarrak, baina nabarmendu du “irakurketa kritikoa” sustatzeko ere balioko duela.