“Urriaren amaiera edo azaroaren hasiera”. Hori da Laudioko Udalak bere buruari jarri dion epea hiltegia berriz irekitzeko.
“Osasun Sailaren txostena dugu jada, akats eta gabezi guztiekin” azaldu du Ander Larrinagak. Txosten horretan zehazten diren egitekoak banatu behar direla nabarmendu du alkateordeak: “bai ala bai egin behar diren gauzak daude alde batetik. Bestetik, hiltegia ondo funtzionatu dezan egin behar diren aferak daude”.
Egin beharreko hainbat lan aipatu ditu udal ordezkariak: “Paretak margotu behar dira, erretxina berezi batekin. Iturgintza lanak ere egin behar dira, barne-isuri txikiak daudelako. Animalientzako 'box' berria ere eskuratu behar da, animalien ongizaterako legeak horretara derrigortzen duelako”.
Isurketen afera ere konpondu behar dela berretsi du Osasun Sailak txostenean. Gauzak hala, “behin behineko konponbidearen” alde egingo dutela aurreratu du Larrinagak: “ontzi bat jarriko dugu odola bildu eta enpresa espezializatu batera eramateko”.
Behin hiltegia irekita pentsatuko lukete zein izango litzatekeen behin betiko konponbidea.
“Erabaki estrategikoa”, hartzeke
Oraindik ez dute zehaztu erreforma osoaren aurrekontua, “erabaki estrategiko batzuk” hartzeke daudelako oraindik. Hala ere, 100.000 euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusi dute.
“Ez da berdina hotz kamara bat konpontzea edo konpondu gabe uztea”, azaldu du Larrinagak, “badaude erabaki batzuk hiltegia ireki ostean hartu daitekeenak. Isurketez gain, Osasun Sailak beste gauza batzuk aipatu dizkigu bere txostenean”.
Gauzak hala, hiltegiaren gaineko “hausnarketa” egin nahi du udalak, “zer hiltegi eredu nahi dugun, zer zerbitzu mota eskaini nahi ditugun eta nori eskaini nahi diogun zehazteko”.
Larrinagak jakinarazi du ez dutela hiltegiaren kudeaketaren lizitazio berria abiaraziko obra guztiak amaituak egon arte. “Bien bitartean, zerbitzua ematen jarraitzea proposatuko zaie gaur egungo kudeatzaileei”.