Prentsa-oharra plazaratu du Omniak kultura eta kirol elkarteei bideratutako diru-laguntzekin berriro arazoak daudela salatzeko.
“Oraingoan arazo administratibo bat dago, Arabako Foru Aldundiak ezarri duen exijentzia bat dela eta”, azaldu du alderdi politiko laudioarrak, “badirudi urte honetatik aurrera sozietate zerga ordaintzea eskatuko zaiela taldeei. Gehienak zerga hori ordaintzeaz salbuetsita daude, elkarte eta irabazi asmorik gabeko erakundeak direlako. Baina baldintza horrekin betetzea eskatu zaie, zergaren ordainketan alta emanda”.
Arrazoi horregatik, udalak 29 diru-laguntza eskaeretatik 19 ukatu egin dituela salatu du Omniak, eta nabarmendu du Aldundiak ez duela baldintza hori betetzea eskatzen bere diru-laguntza propioetan.
“Beti bezala, gure bizilagunak dira kaltea pairatzen dutenak”. Horrelako arazoak “urtero” gertatzen direla nabarmendu du oposizioko alderdiak. Horregatik, 2020ko laguntzetan gaurdanik lanean hastea eskatu du. “Ea horrela lortzen dugun datorren urtean denek euren laguntzak arrazoizko epe batean jasotzea”.
Udalaren erantzuna
Ander Añibarro alkateak aitortu du Aldundiak jarritako baldintzak direla eta, elkarte batzuk diru-laguntza gabe geratu direla. “Hala ere, udalaren partetik Aldundiak eskatzen duena egikaritzeko aukera emango diegu talde horiei, laguntza jaso dezaten”. Hala ere, Omniak salatu du hori egiteak diru-partida 15.000 eurotan handitzea ekarriko duela.