Etxebarri Baserria haur eskola bilakatu nahi du udalak indarrean dagoen legealdian

Aitor Aspuru Saez 2019ko ira. 25a, 14:27

Gaur aurkeztu duten dokumentuak gidatuko du EAJ eta PSE-EEren Udal Gobernu Taldearen jarduera./ Aiaraldea.eus

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernu Taldeak gaur aurkeztu du 2019-2023 legealdirako plana. 130 ekimen planteatu dituzte. Adibidez, Etxebarri Baserria haur eskola bilakatzea posible den aztertuko dute, eta Adinekoen Egoitza ohian Musika Eskola egin nahi dute.

EAJk eta PSE-EEk gaur aurkeztu dute 2019-2023 legealdirako plana. 19 orrialdeko dokumentuak jasotzen ditu Udal Gobernu Taldeak egikaritu nahi dituen asmoak.

Guztira, 130 ekimen dira, eta 5 ardatzetan banatu dituzte: enplegua eta suspertze ekonomikoa, auzoak, zerbitzu publikoen kalitatea, babes eta sustapen soziala eta erakundearen kalitatea.

Aldi berean, 5 ildoak 11 ataletan zatitu dituzte, eta horien barruan hainbat iniziatiba jaso dute. Horien guztien artean, nabarmenenak hurrengoak dira:

  • Adinekoen egoitza ohia Musika Etxea bilakatzea.
  • Liburutegi eta ikasketa gelak irekitzea. Litekeena da Zubiko Etxean ez egitea, baizik eta beste kokapen batean.
  • Gaztelekua herrigunera eramatea.
  • Arte Galeria atontzea kaleetan.
  • San Rokezar erretiratuen egoitza handitzea.
  • Literatura Saria abiatzea euskaraz ume, gazte eta helduentzat.
  • Jantoki soziala sortzea adinekoentzat, bereziki, bakarrik bizi direnentzat.
  • Etxebarria Baserrian haur eskola instalatu daitekeen ikertzea.
  • Lan deialdi publikoak egitea, enplegu publikoa egonkortzeko.
  • Laudioko Garapen Agentzia aldatzea eta enpresa proiektuak erakartzea.
  • Terrazen araudi berria sortzea.
  • Arrañoko gune berdea berpiztea aisialdirako.
  • Auzoetan kultura jarduerak sustatzea.
  • Euskarazko hitz laudioarren hiztegia argitaratzea.
  • Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikustea.
  • Erabilera publikorako espazioen araudi berriak sortzea Aldai eta Alberto Acero plazetan.
  • Parke lineala bultzatzea Orozkoraino.
  • Españica Etxea eraistea.
  • Wifi sareak sortzea herriko kaleetan.
  • Aparkaleku berriak prestatzea.

Gobernu eta herritarrentzako tresna
Ander Añibarro alkateak adierazi duenez, legealdiko plana izango da gobernuaren lana ebaluatzeko erreminta, eta laudioarrek ere gauza bera egiteko aukera izango dute.

Juanje Merchan PSE-EEko zinegotziak azpimarratu du proiektu estrategikoetan adostasun osoa bilatuko dutela, jarraikortasuna izan dezaten.

Kiroldegi berria
Hedabideek galdetu diote Udal Gobernu Taldeari hurrengo 4 urteetan saiakera egingo den kiroldegi berria egiteko. Alkateak, ideia baztertu gabe, onartu du zaila izango dela. "Antzokia eraikitzeko bidean gaude eta 5 milioi euroko gastua suposatu dezake. Kiroldegi batek antzeko inbertsioa beharko luke eta errealistak izateko beharra dugu. Udalerriak dituen diru sarrerekin zaila izango da bi egitasmoak gauzatzea" azaldu du Ander Añibarrok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide