Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Euskaldunok errelatoaren borroka irabazi behar dugu, horretarako idatzi dut eleberria”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 16a, 07:00

KEPA BARAÑANO (Laudio, 1959) Hi eta ni adiskide beti liburua plazaratu berri du. Laudion girotu du liburua, benetan jazotako hainbat gertaera oinarritzat hartuta.

Laudion girotu duzu liburua. Zer dela eta?

Laudion eta inguruan gertatutako gauza batzuk agertzen dira eta horiek harilkatuz osatu dut nobela, besterik ez.

Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa dela esango zenuke, beraz?

Esaera eta gertaera batzuk bai, bene-benetakoak dira. Beste batzuk apainduak edo aldatuak daude. Baina sustraian bai, benetako istorio batzuk daude.

Zein da benetako istorio horiek josten dituen haria?

Haria pertsonaia da. Francoren garaian Espainiatik etorritako etorkin bat da eleberriaren protagonista. Bere istorioa kontatzen du liburuak: zer nolako giroa topatu zuen hemen, nola sartu zen poliki-poliki gure giro hartan eta zer nolako hika-mikak sortzen ziren hona etorritakoen eta hemengoen artean. Hari horretatik tiraka nobela moduko bat osatu dut. Bukaera ez dakit pesimistegia ez ote den, baina nik horrela ikusten dut.

 

“Francoren garaian Espainiatik etorritako etorkin bat da eleberriaren protagonista”



Zergatik kontatu nahi izan duzu istorio hori?

Helburu batzuk izan ditut. Gaur egun badaukagu Euskal Herrian “kontakizunaren borroka” deritzona, gure historia nork kontatu behar duen... ba nire ustez euskaldunok kontatu behar dugu gure historia, “errelatoaren borroka” irabazi egin behar dugu. Horri begira ekarpena egitea izan da nire helburuetako bat, garrantzitsuena. Guk kontatu behar ditugu hemen gertatutakoak, bestela beste batzuek kontatuko dutelako eta hori ezin dugulako inondik inora onartu.
Beste aldetik, euskarari begira ere izan dut helburu bat. Oso euskara berezia baliatu dut, joskera aldetik ezohikoa eta hitz berri batzuk sartuta.

Euskararen egoera salatu nahi izan dut modu horretan. Euskara degradatzen ari dela uste dut, neurri handi batean. Erdararen morroi bihurtzen ari gara, eta nik horri aurre egin nahi izan diot, nire iritziz hori ez baita bide egokia. Euskarari prestigioa eman behar diogu eta askotan ez dugu hori egiten. Erdarazko esaldi batzuk ere jarri ditut liburuan, akatsez beteak. Jarri ditudan akats horiek onartezinak dira denon ikuspegitik. Baina nire galdera honakoa da: zergatik onartu behar ditugu euskaraz egiten diren beste hainbat eta hainbat akats?

Tortillari buelta eman nahi izan diozu, beraz.

Horixe da. Euskaraz akats asko onartzen ditugu, erdaraz onartzen ez ditugunak. Eta hori zergatik? Nire ustez, euskararekiko begirune faltagatik, eta gure hizkuntzari begirunea izan behar diogu. Liburuetan askotan ikusten ditudan joskera akatsak, adibidez, nik ez ditut onartzen, gazteleraz ez liratekeelako inoiz onartuko.

Era berean, euskaraz geroz eta gutxiago irakurtzen dela entzun izan ohi dugu. Hori hala bada, geroz eta gehiago sustatu behar dugu irakurzaletasun hori. Horretarako, euskaraz irakur dezagun, euskaraz idatzi behar dugu, alde guztietatik: idazle onek euskaraz idatzi behar dute, baina idazle kaskarrok ere hala egin behar dugu.

Zer gertakari izan dituzu hizpide eleberrian?

Nobela Laudion kokatua dagoen arren, kontatzen diren istorio batzuk beste toki batzuetan gertatutakoak dira. Baina Euskal Herrian gertatutako hainbat kontuk eragin handia izan dute Laudion.

Liburuan agertzen diren beste kontakizun batzuk, aldiz, herrian bertan jazotakoak dira. Inoiz aipatzen ez diren gertaerak dira. Horietako batzuk hain ditugu ahaztuak, ni ere dudatan ibili naizela, benetan gertatutakoak edo asmatutakoak ziren argi ez nekielako.

Zeintzuk dira gertaera horiek?

Laudioko atari batean hilik agertu zen pertsona baten kasua, adibidez. Egoera ilun batean agertu zen, Guardia Zibilaren kuarteletik oso gertu. Nik behintzat ez dakit ezer kasu horri buruz, bere garaian entzun nuena baino.

Liburuaren hasieran agertzen den argazkia Gasteizen hil zituzten langileena da. Omenalditxo bat egin nahi nien. Atzeko aldean, Altsasuko gazteen argazkia dago. Euren aldeko aldarria ere bada liburua. Horregatik, noizbait lan honekin dirurik irabaziko banu eurengana bideratuko nuke, merezi dutelako.

 

“On Kixote Mantxakoa liburua euskaratu nuen. Horrez gain beste liburu bat ere badut idatzita”



Dokumentazio lanik egin duzu liburua osatzeko?

Ez. Gauza batzuk begiratu ditut, noski. Baina ez dut gehiegi sakondu. Hau eleberri hutsa da. Behin irakurrita, bakoitzak jakingo du zer pentsatu.

Liburua zuk zeuk argitaratzea erabaki duzu.

Bai, baina beste aukerarik ez nuelako. Nik ez dut inolako harremanik argitaletxe eta idazleekin. Bide horretatik ez dut laguntza handirik aurkitu, baina bilatu ere ez dut bilatu. Internet bidez eskatuta inprimatu ditut aleak. Zabalpena izan ohi da pausorik zailena. Nik adiskide eta ezagunen artean zabaldu dut liburua, baina ez dut gehiago zabaltzeko aukerarik. Bi tabernetan utzi dut liburua, nahi duenak irakurri dezan. Ez dut dendetan salgai jarri.

Iñarrondo ezizenarekin sinatu duzu liburua. Zergatik?

Ez dudalako nire izena agertzea maite. Baina horrelako zerbait egiten duzunean badakizu jende guztiak jakingo duela azkenean nork egin duen. Iñarrondo izen berezi xamarra da niretzat, ni bertakoa naizelako, Leziagatik harago dagoen sakana da. Bertan bizi izan naiz eta leku berezia da niretzat. Aspaldi erabilitako ezizena da eta oraingoan ere erabili dut, besterik gabe.

Honakoa ez da idazten duzun lehen liburua.

On Kixote Mantxakoa liburua euskaratu nuen. Hori da aditzera eman den bakarra, baina beste liburu bat ere badut euskaratua, aspaldidanik. Beste eleberri bat ere badut, orain plazaratu dudana baino zaharragoa dena, baina baita ulertzeko zailagoa ere, sakonagoa ere bai. Horregatik ez dut argitaratu. Orain plazaratu dudan liburuak duen harreraren arabera baloratuko dut lan hori kaleratu edo ez. Baditut beste eleberri batzuk erdizka eginak daudenak. Euskaraz idaztea atsegingarria da niretzat, hobby moduko bat da niretzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide