Lapurreta leporatuta pertsona bat atxilotu zuten atzo Vicalde enpresan. Lekukoek Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, herritar batek ikusi zuen gertaera, "norbait Vicalde enpresako pabiloi bateko atea irekitzen ari zen. Horretarako, furgoneta bat baliatu zuen atearen aurka". Horregatik, Udaltzaingoari jakinarazi zion, eta tokiko poliziak Ertzaintzari eman zion horren berri.
Handik gutxira, patruila batzuk bertaratu ziren Gardeako enpresara eta atea guztiz itxita ez zegoela sumatu zuten. Ondorioz, lantegira sartu ziren eta barruan topatu zuten furgoneta bat. "Ibilgailuaren atzeko partean 39 urteko gizonezko bat zegoen ezkutatuta, baita metalezko materiala eta kableak zituzten zenbait kutxa", aipatu diote Aiaraldea hedabideari.
Gizonak berak aitortu zuen lapurtzen ari zela, eta agenteek atxilotu egin zuten. Berez, indarra erabilita lapurtzea leporatu diote. Akusatuak aurrekariak ditu eta laster epaitegira jo beharko du.