Laudioko Udalak esleipen prozesua hasi du ur horniketa sarea hobetzeko herriko zenbait puntutan. 1.797.195 euroko inbertsioa izango da guztira. Hori bai, Arabako Foru Aldundiko 2018-2019 Obren Foru Planean jaso zutenez, "%80ko diru-laguntza izatea" aurreikusi dute tokiko erakundean.
Berez, urte amaieran esleitzea espero dute eta bi kontratutan banatuko dira obrak. Alde batetik, Latiorron 1.191.895,59 euroko gastua egingo da.
Bestalde, Landaluzen -Larrazabalgo bidegurutzera arte-, Markuartuko bidean eta Goikoplazan, Telleria Etxean eta Tubacex enpresako ingurutan ere hodi zaharrak aldatuko dituzte. Horrez gain, ur horniketa baserri batera eramango da, Malkuartun. Lan horien balioa 605.299,92 eurokoa izango da.