"Herritarrak ezin dira konformatu lau urtean behin botoa ematearekin”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 1a, 07:00

Natxo Urkixo Orueta atzo, Udal Osoko Bilkurara sartu baino lehen. / Aiaraldea.eus

Atzoko Udal Osoko Bilkuran utzi zion NATXO URKIXO ORUETAk (Laudio, 1960) zinegotzi izateari. Modu horretan eman du amaitutzat azken zortzi urteetan politika instituzionalean alkate gisa eginiko ibilbidea.

Laudioko hautetsi izateari utzi diozu. Zer dela eta?

Joan den maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean, izandako emaitzekin kontsekuente izango nintzela eman nuen aditzera eta orain emango dudan urrats hau emango nuela iragarri nuen nolabait.

Handik hona, lanean izan naiz EH Bilduko udal talde politiko berriarekin, datozen lau urteotako oposizio lana antolatzeko eta ikasturte berri honen hasierari abagune ezin hobea irizten diot zortzi urteko lanari amaiera emateko

8 urte igaro dituzu gobernuan, EH Bilduko kide gisa. Nolako balorazioa egiten duzu?

Orokorrean, balorazio positiboa egin behar dut. Zortzi urteotan lana oso zaila izan da, legealdi bietan gutxiengoan gobernatu behar izan baitugu. Hortaz aparte, krisi gorrian geundela hartu genuen udala kudeatzeko ardura eta horrek ere izugarri baldintzatu zuen gure lana.

Edonola ere, jakin izan dugu gainerako talde guztiekin lan egiten eta zortzi urteetatik seitan aurrekontuak aurrera atera ditugu.

Krisian murgildurik egon arren, beste hainbeste udaletan gertatu denaren kontra, gurean ez ditugu murriztu arlo sozialari zegozkion diru-atalak eta inbertsioak. Kontrara, areagotu ditugu.



“Udalbatzako gainerako talde politikoekin akordioetara heltzeko borondatea eta gaitasuna azpimarratuko nuke azken bi legealdietatik”



Laudioko alkate izan zara azken bi lege-agintalditan. Egindako bidetik, zer nabarmenduko zenuke?

Udalbatzako gainerako talde politikoekin akordioetara heltzeko borondatea eta gaitasuna. Hala ez balitz ezinezkoa zatekeen zortzi urtean gutxiengoan den gobernu taldeari eustea.

Ildo honetan, nabarmena izan zen 2018. urtea, zeinetan oposizioko talde guztiak aurre-kanpainari ekin zioten eta agerian utzi nahi izan zuten gure gutxiengoko posizioa eta hala jarki zitzaizkigun.

Nire aburuz azpimarragarriena, beraz, desberdinekin adostasunetara heltzeko izandako jarrera izan da. Jarrera horren ondorioz, proiektu ugari eraman dira aurrera eta beste hainbeste burutuko dira datozen urteetan. Hortxe ditugu Lamuza parkean buruturiko eraberritze lanak eta Aldundiarekin adostutako eraberritzearekin jarraitzeko konpromisoa; herriko hiltegian egindako eraberritze lanak Europako legeriak ezartzen zuenari egokitzeko eta itxi ez zezaten; Elortza maisuaren eta Zubiko-Kurajo kaleen obrak; Zubiko etxeko lorategia; kaleetako argiak led erako argiez ordezteko abiaturiko proiektua; URA erakundearekin Nerbioaren arroa egokitzeko adosturiko proiektua; Ermualdeko ikerketa lanak eta bertako taberna egokitzeko lanak; Alberto Acero plaza; eta abar luze bat.

Dena den, denetan azpimarragarriena agian, herriko antzokia dugu. Gauzak horrela badoaz, ziur naiz oso urte gutxiren buruan errealitate bilakatuko zaigula laudioarrok urte askotan desiratu dugun antzoki hori.

Zein da herritarrei luzatu nahi diezun mezua?

Hurbil daitezela politikara era kritiko eta eraikitzaile batez. Ez daitezela konforma lau urtean behin botoa ematearekin. Nor bere gauzez kezkatzeaz aparte, ezin diezaiekegu gai eta kontu publiko zein politikoei muzin egin. Denok gara gizarte honen parte eta denon ardura da gu guztion ongizateari eustea.

Era asko dago gure herriko gai eta kontu publikoetan parte hartzeko erakunde politikoren batean kide izateaz aparte. Balia ditzagun ditugun aukera guztiak gure herriaren eta gure herrikideen alde.

Eta Laudioko eragile politikoei?

Eragile politikoei luzatu nahi diedan mezua oso garbi daukat. Adostasuna eta kontsentsuaren bideari eutsi diezaiotela eta bazter dezatela politikan, zoritxarrez, hainbestetan izan ohi den alperrarena egitearen tentazioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide