"Euskal kultura eta dantzak goraipatu nahi ditugu Untzuetaren 35. urteurrenean"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 6a, 09:46
Untzueta taldeko zenbait kide, dantzan. / Aiaraldea.eus

Urriaren 12an ospatuko dute Untzuetako urtemuga jaia, egun osoko egitarauarekin. Aretako taldeko kide ohiak zein herritar guztiak gonbidatu dituzte festara.

Datorren larunbatean ospatuko du Untzueta dantza taldeak bere 35.urteurrena. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Aretako taldea izanik, bertan gauzatuko dute festa; prestaketa erraza izan ez dela aitortu arren: "Gure aurtengo helburuetako bat urteurrena antolatzea izan da, orain arte Untzueta dantza taldean parte hartutako kideak biltzeko asmoarekin. Aldi berean, euskal dantzak eta euskal kultura aldarrikatzea eta goraipatzea nahi dugu".

Taldeko kideek Aiaraldea hedabideari aipatu diotenez, denbora asko eman dute urteurrena antolatzen: "Taldean aukera desberdinak atera ziren: jai handi bat prestatu, jai txiki bat taldekoentzako bakarrik... denetarik pasa zitzaigun burutik, holako egun oso bat ospatzea ez baita erraza". Urtarrilean zehaztu zituzten nondik norakoak, eta ondorengo hilabeteetan ekin zieten prestaketei. "Momentu horretatik orain arte pila bat gauza egin ditugu; dantzari ohiekin kontaktuan ipini eta dantzaldia haiekin prestatu dugu, entseguak egin ditugu, udalarekin hitz egin, kamisetak atera... gaur arte", erantsi dute.

Urte borobila igaro dute, baina ez dute erabat lotu urteurrenarekin: "Hainbat ekitalditan hartu dugu parte. Nahiz eta lanean urte osoa eman, egun bakar batean ospatuko dugu. Pasa den urtean jende berria taldean sartzeko saiakera egin genuen eta batzuk batu dira". Aurrera begira, taldea sendotzea dute helburu: "urtero ekitaldi askotan hartzen dugu parte".

Urriaren 12ko zitari dagokionez, egun polita izango dela aurreratu dute: "gure sustraiak ezagutzeko aukera egongo da". Hargatik, herritar orori luzatu diote bertaratzeko deia: "Nahiz eta Untzuetarekin erlazioren bat izan dutenentzat bereziagoa izan, herri guztiari zabaldutako jaia izango da. Beraz, urriaren 12a egutegietan gordetzea eta jendea jaira eta bazkarira animatzea gustatuko litzaiguke. Izan zirelako gara eta garelako izango dira!". 

Untzueta Dantza Taldea erabiltzailearen argazkia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide