Ostiral honetan Faktorian proiektatuko duzue Napardeath filma. Nola azalduko zenuke zeri buruzkoa den pelikula?
Ataun of the dead trilogiaren azken zatia da. Lehen filmaren izena zen Ataun of the dead, bigarren Joxean's hil eben zen eta hirugarrena da Napardeath. Aurreko biak ikusi ez dituztenei beti esaten diet gauza bera: ikusi ala ez ikusi, berdin duela, berdin berdin ez dutela ezer ulertuko. Maila berdinean egongo gara guztiak (barreak).
Aurreko atalak ikustea beharrezkoa al da istorioa ulertzeko?
Berdin du aurrekoak ikusita izan edo ez, pelikulak modu independentean funtzionatzen duelako. Pertsonaia batzuk aurreko filmetatik datoz, baina ez duzu ezer ulertu behar aldez aurretik, Zumalakarregi zonbia dela baizik, lehen filmean berpiztu dutelako.
Beldurrezko filmak al dira?
Argi geratu behar da ez dela beldurrezko filma bat. Askok atzera egiten dute pelikulan zonbiak, banpiroak eta momiak agertzen direla entzuten dutenean. Filmak ez du beldurrik ematen. Zerbait ematekotan, pena da, gure antzezpenengatik. Umorezko filma da, berez. Abentura ukitua ere badu: errekak, desertuak eta gazteluak agertzen dira. Gertuago egongo da Monty Pythonen filma batetik beste edozein gauzatik baino. La Vida de Brianen umore politikoaren ildotik doa, mendebaldeko ezkerraren atomizazioari buruzko bromekin. Barre egiten dugu testuinguru politikoaz, satira politiko bat Napardeath. Gure herriko pertsonaia historikoak zein gaur egungoak baliatzen ditugu horretarako.
Zer esango niekeen herritarrei gerturatu daitezen?
Ba ez dutela inoiz halakorik ikusi eta ez dutela inoiz berriz halakorik ikusiko (barreak). Barre egingo dute, behintzat, edozein adinetako ikusleak izanda ere.
Lagun artean auzolanean eginiko filma da Napardeath, baina baliabide ugari erabili dituzue.
Bigarren atalean jada baliabide ugari erabili genituen, zonbi bataila batzuk grabatu genituen, 150 pertsona ingururekin. Salto handiena lehen filmetik bigarrenera izan zen. 2010ean hasi ginen trilogia honekin eta ia hamar urtetan zer edo zer ikasi dug0; eta hizkuntza zinematografikoa hobeto kontrolatzen dugu. Ez da filma profesionala, baina hobeto kontatuta eta grabatua dago, aurreko biak baino askoz hobea da, zentzu guztietan. 3.000 euro inguru baliatu ditugu. Diru gehiena grabaketan parte hartu duen jendearentzako jateko eta edatekoan gastatu dugu. Auzolanean aritzeak hori dakar: denbora duzu, dirua ez ordea. Antxo azkarraren hilkutxaren erreplika bat egin genuen, jantzi guztiak guk egin ditugu... sekulako lana izan da, denbora askoan zehar egina. Ez da berdina grabaketa etxean laupabost pertsonarekin egitea edo Urbasan 60 ingururekin, ezpata eta ezkutuekin eta partaideen erdiak mozkortuta daudela.
Euskarazko zinemagintzaren loraldiaz hitz egiten da azkenaldian. Zuena al da loraldi horren “B aldea”?
Ez dakit bide paraleloak diren, diagonalean goazen, kanpoalderantz... gehiagotan ere esan digute hori. Existitzen da euskarazko zinemaren loraldia, Aupa Etxebeste filma estreinatu zenetik hona garatu da. Orduz geroztik, euskarazko pelikula bat estreinatu da behintzat urtero. Hori aldaketa bat izan da, industria sortzen hasi da hemen eta jendea ez da horrenbeste joaten kanpora. Instituzioen aldetik ere apustu apur bat handiagoa egiten ari dira. Horrek ekosistema bat sortzen du jendea hemen geratu dadin eta hemen ere ekoizpenak egin daitezen.
Baina horrek guztiak guri ez digu eragiten. Gu beste mugimendu batetik datoz. 2000ko hamarkadaren amaieran hasi ziren grabazio sistemak merkeagotzen. Argazki kamara batekin grabatzeko aukera zegoen. Horrek eragin zuen jende batek gauzak egiten hastea, lehenago ezinezkoak izango liratekeenak, kamerak asko balio zutelako. Baliabide horiek demokratizatzeak eragin zuen gu bezalako mohikano batzuk edozer gauza egiten hastea eta zinema batera iristea.
Izpiritu aldetik gertuago gaude musika talde punk batetik beste edozerretik baino. Musika talde askok hiru akorde ikasten dituzte, eta eszenatokira igotzen dira segituan. Hori da gure egiteko modua: kamara batekin hiruzpalau gauza egiten ikasi eta horrekin aurrera joatea, sekulako fintasuna eta jakinduria lortu gabe. "Zuk Zeuk Egizu" filosofia oinarritzen gara, auzolanean, unean bertan egiteari garrantzia emanez. Baina gure burua ez genuke euskarazko zinemagintzaren olatu horretan kokatuko. Paraleloan goaz, edo diagonalean eta kanporantza.
Badaude auzolanean egindako euskarazko beste filma batzuk. Osasuntsu dago Zuk Zeuk Egizu filosofian oinarritutako euskarazko zinemagintza?
Bai, badaude filma gehiago. Zumarragan grabatu izan dute baten bat, gero Berunezko justizia. Ixilik Bang zuen izeneko western modukoa ere plazaratu zen. Iparregarri ere grabatu zuten, Iparragirreri buruzkoa, auzolanean. Oñatin ere Lope de Aguirreri buruzko bat grabatu zuten. Bizkaia inguruan web-serie bat egin zuten duela gutxi, Otsoen lurraldea izenekoa.
Grabatzeko materialen demokratizazioa mundu osoan gertatu da, baita Euskal Herrian ere. Agian guk egindako filma kamikazeek balio izan dute zenbait jende istorio propioak grabatzera animatzeko, ez dakit. Horrela balitz poztuko ginateke.
Hamar urte baliatu dituzue trilogia egiteko. Baduzu beste proiekturik esku artean?
Luzea izan da prozesua eta hirugarren filmaren grabazioari ekin genionean nagi apur bat eman zigun, bagenekielako zertan sartzen ginen. Baina gure bururekiko geneukan zor bat zen, trilogia bat irudikatu genuelako. Gainera, aurreko biak ikusi zituen jendeak ere galdetu zigun ea noiz egingo genuen hirugarrena.
Baina modu honetan grabatzea ez da jasangarria. 3.000 eurorekin egin dugu, baina ez direlako kontatzen jendeak modu boluntarioan sartu dituen ordu andana. Hori dena ez dago kontabilizatuta, bestela diru aldetik kopuruak estratosferikoak izango lirake. Dirua izango bagenu ziur ez genukeela filma horrela egingo, jendea ez litzateke animatuko auzolanera. Hala ere, filma laburren bat egiteko asmoa dugu datorren urtearen hasieran. Baina trilogia hemen amaitzen da. Agian aurrerago beste zeozer egingo dugu, baina ez dakigu zer izango den eta zer formatutan ere.