“Kaleko jendearekin erlazionatu naiz ni, ez soilik elizara datorrenarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 11a, 08:00
Ia 50 urte eman ditu Ciriaco Molinuevok Laudioko apaiz gisa. / Aiaraldea.eus

CIRIACO MOLINUEVOk ia mende erdi eman du Laudion apaiz lanetan. Omenaldia egin zioten iragan larunbatean hainbat norbanako eta eragileren artean.

Mende erdi daramazu Laudion, baina gasteiztarra zara jaiotzez.

Datorren urtarrilean beteko da mende erdi. Gasteizen jaio nintzen. 25 urterekin sartu nintzen seminarioan eta zazpi urte igaro nituen bertan. Lapuebla de Labarca izan zen apaiz gisa izan nuen lehen destinoa, bi urte egon nintzen herri horretan. Nire asmoa Belgikara joatea zen, ikastera. Baina gero hona etortzea proposatu zidaten, eta nahiko tematu ziren ni konbentzitzen. 35 urterekin etorri nintzen hona, 1970. urtean.

Trantsizioaren garaian iritsi zinen Laudiora.

Zuk trantsizioa deitu nahi badiozu ba trantsizioa izango zen, bai. Berritze giroa zegoen, ez soilik Laudion. JOC (Juventud Obrera Cristiana) eta HOAC (Hermandad Obrera de Acción Católica) erakundeen bidez harremana izan nuen lan munduarekin. Gainera, nik eraikuntzan lan egiten nuen apaiz izan baino lehen.

 

“Apaiz kristaua izateak konpromiso bat suposatzen du askatasun eta justiziarekiko”



Futbolaria ere izan zinen.

Bai. Gasteizen eta Bilbon egon nintzen lanean eta denbora librean futbolean jokatzen nuen. Indautxurekin fitxatzeko aukera ere sortu zitzaidan, baina ordurako nik argi nuen zer egin nahi nuen. Gustuko nuen futbola, baina besterik gabe.

Hasieratik zenekien apaiza izan nahi zenuela?

Ez. Eraikuntza enpresa batean egiten nuen lan eta arestian aipatutako hainbat mugimendurekin nuen harremana, euretan zuzenean sartuta ez nengoen arren. Jende askorekin izan nuen erlazioa.

Nolakoa zen garai horretako Laudio?

Aurretik ezagutzen nuen herria. Nire aitaren familia Amurriokoa zen eta udan joaten nintzen bertara eta Baranbiora. Laudioko jaietan ere egona nintzen.

Herriko egoera berezia zen alderdi laboral, politiko zein erlijiosoen aldetik. Nik ez nuen arazorik izan. Nire plana garatu nuen: errealitatera gerturatzea eta herritarrengandik gertu bizitzea, gazte zein langileengandik gertu. Harreman asko izan nuen batzuekin zein besteekin. Ez dut gaizki pasatu izanaren oroitzapenik.

Herriko bizitzara batu nintzen, bizilagunekin erlazionatuta: langileekin, bizitza sozialean murgilduta zeuden pertsonekin... aurrera joan naiz apurka-apurka.

Larunbatean egin zizuten 50 urtetan egin duzun lana eskertzeko omenaldia.  Laudio Ikastolako kideek bertan parte hartu zuten. Zer paper bete zenuen zuk ikastolaren sorreran?

Laguntzeko eskatu zidaten asanbladen koordinatzaile gisa, eta joan nintzen. Denbora batez egon nintzen bilerak dinamizatzen. Ondoren, gurasoen eta ikastolako bazkideen esku geratu zen proiektua.

 

“Txikitu egin da elizaren eragina, hainbat arrazoi medio”



Ekitaldi erlijiosoetan euskara erabiltzen lehenengoetarikoa izan zinen, ez?

Laudiora etorri nintzenean euskara ikasten aritu nintzen hainbat urtez. Lapuebla de Labarca erdalduna zen: Ebro ibaiaren ertzean zegoen, Logroñotik oso gertu. Laudioko egoera bestelakoa zen. Momentua ere garrantzitsua izan zen: ikastola sortu zen eta hainbat lan egitea eskatu zidaten. Modu naturalean hasi ginen euskara erabiltzen. Mezak euskaraz egiten hasi ginen gero, 70 hamarkadaren amaieran. Larunbatetan egiten genituen. Euskara konpromiso bat zen niretzat, ez zen kontu kultural hutsa.

Herritik eta langile klasetik hurbil dagoen eliza aldarrikatu duzu beti.

Nik beti pentsatu dut gizarte honetan apaiz kristaua izateak konpromiso bat suposatzen zuela justiziarekiko eta askatasunarekiko, gure herriaren, Euskal Herriaren, barruan, baina beste herri batzuekin harremanak izanda betiere. Hori funtsezkoa zen niretzat. Beste batzuei agian gaizki irudituko zitzaien, ez dakit.

Zure konpromiso politikoak arazorik sortu dizu?

Poliziaren azterketetatik igaro behar izan nintzen hainbat aldiz, baina ez nuen aparteko arazorik izan. Apezpikuarekin eta elizarekin ere tentsioren bat edo beste egon zen, baina besterik gabe. Nik herriarekin izan dut harremana. Pablo Gorostiaga udalean zegoenean berarekin izan nuen harremana, eta baita bere anaiarekin ere, misiolari gisa baitzegoen.

Esan nahi dudana da: Herritik gertu egoteak ez zidan aparteko arazorik sortu. Ni herriko apaiza naiz, hemen errotua nago eta erantzuna eman behar diet hemen dauden arazoei ikuspegi humano eta kristau batetik.



Nola aldatu da Laudio 50 urte hauetan?

Gizarteak erabateko aldaketa kulturala izan du; eta horrek eragina izan du elizan, logikoki. Ez soilik euskararen alorrean. Gizarte justu eta solidario baten aldeko konpromisoan ere sakondu da. Gauza batzuk normalizatu dira, beste batzuk ez. Gauzak asko aldatu dira. Elkartasuna eta eraldaketa sozial zein politikoarekiko konpromisoa ahuldu egin dira, Horrek eragin zuzena izan du jendearen bizimoduan; askoz modu azalekoagoan bizi da.

Eta elizaren jardunak, zer bilakaera izan du?

Elizaz hitz egiterako orduan, eliza zer den zehaztu beharko genuke lehenbizi.

Ados, zer da eliza zuretzat?

Komunitate bat dela esan daiteke. Baina gero, praktikan, ezberdintasun handiak egon dira apaiz batetik bestera, egoera batetik bestera. Horregatik, elizaren inguruan hitz egiterako orduan arazo, une eta egoera zehatzei buruz hitz egin behar da.

Kanpotik ikusita, eliza oso anitza dela esan daiteke. Askapenaren teologiatik eskuin muturreko fededunetara barnebiltzen du. Nola kudeatzen da aniztasun hori?

Aniztasun hori oso modu bizian bizi izan da. Gaur egun ez da horren deigarria baina existitu egiten da aniztasun hori. Iberiar penintsulan modu berezian eman da bilakaera, egon diren aldaketa politiko zein ekonomikoen ondorioz. Apaiz guztiak ez gara berdinak, ez dugu berdina pentsatzen... baina bizitzaren isla da hori, ez gara aparte dagoen zerbait.

 

“Apaiz guztiok ez dugu berdin pentsatzen”



Beharrezkoa da fededuna izatea aipatu duzun konpromiso hori garatzeko?

Ez. Askotan karitatea zerbait erlijiosotzat hartzen da. Baina karitatea gertutasun, sentikortasun eta konpromiso jarrera bat da. Batzuetan badu erro erlijioso bat, izan kristaua edo ez. Karitatea ez da bilketa egiteko talde txiki batera edo Caritasera mugatzen. Caritasek, teorikoki, sentikortasuna sustatzeko balio du eta sentikortasun hori baliatzen da justizia, irekitasuna eta elkartasuna eraikitzeko.

Zein da Laudioko elizaren egoera?

Elizaren eragina txikitu egin da, ahuldu egin da, hainbat arrazoi medio. Jende gutxiago bertaratzen da elizara eta ospakizun erlijiosoetara, hori horrela da. Erlijioan sostengatutako konpromiso maila txikitu egin da. Hala ere, badaude oraindik konpromiso hori mantentzen duten taldeak. Aldaketa sozial handia egon da 70. hamarkadatik hona. Gaur egun argitasun, zuzentasun eta konpromiso gutxiago dago.

Badaude apostasia bultzatzen duten mugimenduak. Zer nolako presentzia du apostatatzeko joerak Aiaraldean?

Nik dakidala hemen ez du presentziarik mugimendu horrek. Baina gizartea bere horretan asko sekularizatu da, asko galdu da zentzu erlijiosoa. Lehen eliza eta parrokia erreferentziazko puntuak ziren  eta orain ez horrenbeste. Hainbat arrazoi daude tartean: politikoak, kulturalak, ekonomikoak, erlijiosoak... hainbat faktore daude.

Elizaren barruan egondako eskandaluek (pederastia kasuak, adibidez) eragina izan dute elizaren ahultzean?

Orain eman zaie garrantzia. Hedabideek lana egin dute alor horretan eta gai horretan inplikatutako pertsonek ere askatasun handiagorekin hitz egiten dute orain.  Lehen horrelako kasuak ez ziren argitara ateratzen. Orain, horrelakoak gertatzen badira salatu egiten dira. Aldaketa kultural garrantzitsua eman da eta horrek eragina izan du.



Azken urteetan bestelako erlijioen presentzia handitu da eskualdean. Laudioko meskitak urteak daramatza irekita. Izan duzue harremanik bertako komunitate musulmanarekin?

Nik harremana izan dut baten batekin, baina modu pertsonalean. Arabiar kulturaren eta elizaren arteko distantzia oso markatua egon da. Eurek euren egitasmoa burutu dute eta ez dugu inolako harremanik planteatu, nik dakidala. Baina nik topatzen dudan jende guztiarekin dut harremana, izan musulmana, protestantea edo ateoa. Kaleko jendearekin erlazionatu naiz ni, ez soilik elizara datorrenarekin.

Erretiratua zaude, baina lanean jarraitzen duzu.

Jubilatu nintzenean apezpikuari esan nion prest nengoela herrian laguntzen jarraitzeko, baina konpromiso estrukturalik izan gabe. Ez dut ardura zehatzik, baina lagundu egiten dut. Ni ez naiz omenaldien oso zalea. Ia 50 urte daramatzat Laudion apaiz gisa, baina beste batzuk ni bezainbeste denbora daramate beste alor batzuetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide