Amiantoaren aurkako eta pentsio duinen aldeko mezuek bat egingo dute gaur

Erredakzioa 2019ko urr. 14a, 08:00

Pentsionisten elkarretaratzearen ostean egingo dute mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Elkarretaratzea deitu du Asviamie Aiaraldeak Gizarte Segurantzako bulegoen aurrean, pentsionisten ohiko elkarretaratzearen ostean. Salaketa jarri du elkarteak Arabako Fiskaltzan, probintzia horretako Gizarte Segurantzako zuzendaritzari “prebarikazioa” egotzita.

Amiantoak kaltetutako herritarren eta pentsionisten aldarriek bat egingo dute gaur, Asviamie Aiaraldeak elkarretaratzea deitu baitu Gizarte Segurantzaren aurrean. 12:30ean egingo dute mobilizazioa, pentsionisten astelehenero egiten duten elkarretaratzearen ostean.

Amiantoak kaltetutako pertsonen elkarte horren arabera, mesoteliomak (Amiantoak eragindako minbizia) kaltetutako herritarrei “sistematikoki” ukatu zaizkie laguntza ekonomikoak. “Araban duela gutxi lau kasu gertatu dira, horietako bat Laudion”, salatu dute Asviasmie Aiaraldeako kideek, eta nabarmendu dute azken kasu hori dela medio salaketa jarri zutela uztailean Arabako Fiskaltzan, Arabako Gizarte Segurantzako zuzendaritzak prebarikazioa gauzatu ahal izan duela uste dutelako.

Elkarteko kideen ustez, “eskandalagarria” da Gizarte Segurantzaren Arabako zuzendaritzaren jarrera, “Lan Gaixotasunen prestazio ekonomikoa sistematikoki ukatu dielako mesoteliona pleurala daukaten pertsonei, Osalanek amiantoarekin lan egiten egon direla ziurtatu arren”. Gauzak hala, zuzendaritza horrek Espainiako Gobernuaren irizpideak urratzen dituela salatu dute Asviasmie Aiaraldeako kideek.

Nabarmendu dutenez, mesoteliomak “zalantza gutxi” sorrarazten ditu. “Pleuran edo peritoneoan kokatutako minbizia da, bizi-itxaropena asko mugatzen duena. Zientifikoki probatua dago ez duela tabako zaletasunarekin zerikusirik eta amianto fibrak arnasteagatik soilik eratzen dela”.

Aceros de Llodion eta Forjas Alavesasen
Arestian aipatutako kasuetan, langileek urte asko igaro zituzten Aceros de Llodion eta Forjas Alavesas fabriketan amiantotik gertu edo material horrekin zuzenean lan egiten, Amiantoaren aurkako taldeko kideek salatu dutenez. “Epaitegietako bide luzera jotzera derrigortzen dituzte biktimak eta euren familiak, prozesuak eragiten dituen kosteak eta prozesuak euren gain utziz”. Horregatik, “Konpentsazio Funtsaren” sorrera aldarrikatu dute.

“Duela zenbait hamarkada lan baldintza osasungaitzak pairatu behar izan genituen,  minbizia sortzen duen material batekin lan egiten ari ginela jakin gabe, enpresek indarrean zegoen Higiene eta Segurtasun legeria urratzen zuten bitartean, lan administrazioaren konplizitatearekin”. Gauzak hala, prestazioak ukatzeak helbur8u bati erantzuten diola uste dute Asviasmie Aiaraldeako kideek: “legea urratu zuten enpresak errugabetzea hauek prebentzio neurriak handitzera behartuak egon ez daitezen eta eginiko kaltearen erantzukizuna euren gain hartu behar ez dezaten”.

Gainera, nabarmendu dutenez, modu horretan Osakidetza izango da “osasun gastuak” ordaintzeaz arduratuko dena, “gu guztion zergekin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide