“Euskal Herrikoaren oso antzekoa da Serbiako bizimodua”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 14a, 07:00
Egun Serbian bizi da Idurre Mendibil laudioarra.

Serbian bizi da gaur egun IDURRE MENDIBIL (Laudio, 1995). Herrialde horretako egunerokoaz mintzatu da.

Serbian bizi zara... noiztik?

Bai, urtarriletik nabil hemen. Betidanik izan dut Balkanetara jotzeko nahia, zonalde oso interesgarria iruditzen zait eta pasaden urtean Belgradora etortzeko aukera izan nuenean nahiko argi ikusi nuen.

Zer dela eta erabaki zenuen munduan zehar bidaiatzea?

Nik uste ez dela egun batean altxatu eta erabaki nuen zerbait izan, nahiko naturalki gertatu den gauza baizik. Betidanik eduki dut beste lekutara joateko eta jende eta kultura berriak ezagutzeko nahia. Beraz, hau egiteko aukera izan dudanean, aprobetxatu egin dut.  

Ez da nazioartera jotzen duzun aurrenekoa aldia, ezta?

Ez, orain dela 4 urte, kurtso bat igaro nuen Ingalaterran erasmusa egiten.

Oso esperientzia ezberdinak izan dira. Alde batetik, aurrekoan ikasten egon nintzen eta orain, beka batekin izan arren, lanean nabil. Bestetik, bi herrialdeek ez dute zer ikusirik. Ingalaterrako jendea eta bizitzeko era, nire ustez gutxienez, ez da gurearen antzekoa, askoz ‘hotzagoak’ dira nolabait esateko. Hemen, aldiz, justu kontrakoa.

Nola ikusten duzu gazteen egoera, gaur egun? Nazioartean aukera gehiago al daude hemen baino?

Nire kasuan, Euskal Herrian, ikasitakoarekin zer ikusia daukan lana aurkitzea apur bat zaila da. Baina orokorrean, lan munduan sartzea ez da gauza erraza. Nire inguruko jendea apurka-apurka eta kostata lortzen ari da eta, hala ere, kasu askotan beste herrialdetara joan behar izan dira beraien inguruan ez dutelako aukerarik topatzen.

Ez dakit aukera gehiago dauden baina egia da azken urtetan kanpoan bizi izana edota nazioartean esperientzia izateak gero eta garrantzi handiagoa daukala lan arloan.

Itsaso gabeko estatua izanik, Euskal Herriarekiko zein aldaketa nabaritu dituzu?

Batez ere janari aldetik, ez da arrain asko saltzen supermerkatutan eta jatetxetan ere ez da menu askotan agertzen. Baina, horrez gain, ez dut hainbesteko aldaketarik susmatu. Turismo aldetik, itsasoa ez dago Serbiatik oso urrun, hegazkinez Montenegroko kostaldea 40 minutura dago. Beraz, jende gehiena bertara edo Greziara joaten da udan.

Zerk harritu zaitu gehien hango bizimodutik?

Euskal Herrikoaren oso antzekoa dela. Hona etortzerakoan, bizitzeko modua Alemaniakoaren edo Europako beste herrialdeetakoen antzekoa zela imajinatzen nuen. Beti esaten da herrialde hauetan bertako jendea ezagutzea oso zaila izaten dela, jende itxia izaten delako eta beharbada sozialki oso aktiboak izaten ez direlako, ez gure era berean gutxienez.

Baina hemengo jendea oso jatorra eta irekia da, ezagutu eta hamar minutu beranduago, kafe edo garagardo bat hartzera gonbidatzen zaituzte. Beti dago norbait planen bat egiteko prest eta jendea kalean paseatzen edo terrazetan zerbait hartzen ikusi daiteke nonahi. 

Eta bizi ohituretatik?

Jaiak antzekoak dira, baina gauza da Serbiar gehienak kristau ortodoxoak direla eta Gabonak, adibidez, gu baino 13 egun geroago ospatzen dituzte, egutegi julianoa erabiltzen baitute ospakizun hauetarako. Gainera, Slava deituriko ospakizuna daukate, non familia bakoitzaren patroia ospatzen duten. 2014an UNESCOk jai hau kultura ondare izendatu zuen.

Zein da Serbiako zure toki kuttunena? Zergatik?

Serbiak sekulako ondare naturala dauka eta herrialdean zehar leku txundigarriak aurkitu ditzakezu, Uvac edo Tarako parke naturalak adibidez.

Baina nik, tokiren bat hautatzekotan, Belgrado hautatuko nuke dudarik gabe. Seguruenik ez da Europako hiribururik politena izango eta turista batentzako gauza garrantzitsu guztiak 3-4 egunetan ikusi daitezke. Baina bertan denbora gehiago igarotzen duzunean eta hiria benetan ezagutzen hasten zarenean gauza aldatu egiten da.

Bizitzaz beteriko hiria da eta txoko harrigarriak aurkitu ditzakezu gutxien espero duzun lekuan. Musika kontzertuak, festibalak, arte galeriak, kaleetako muralak, milaka kafe eta taberna, merkatuak…  denetarik aurkitu daiteke historiaz beteriko hiriburu honetan.

Eta janari edo mokadu aldetik, zer gustatu zaizu gehien?

Serbian oso ondo jaten da, barazkiak eta haragia batez ere. Baina niretzako gauzarik goxoena Ajvar deituriko saltsa moduko bat da, piper gorri eta berenjenaz eginikoa.

Urrun zaudenez gero, zer botatzen duzu Aiaraldetik faltan?

Familia, lagunak eta, nola ez, janaria. Hemen oso ondo egoten da baina nire etxea eta erroak han daude eta faltan botatzen dut herria, ezagunen artean egotea.

Aurrera begira, baduzu beste bidaia edo lurralderik buruan?

Ba oraindik ez daukat ezer segururik baina, dena ondo badoa, urtarrilean Poloniara joango naiz bekaren hirugarren fasea egitera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide