Berriak supermerkatuetako langileak borrokan daude berriz. Lanuzteak egingo dituzte bihar -larunbata- Laudio, Amurrio eta Bilboko saltokietan, 12:00etatik 13:00etara.
Beharginek salatu dute “izugarrizko lan karga” pairatzen ari direla eta zuzendaritzak langile bat kaleratu duela. “Horrez gain, behin behineko langileei ez diete kontratua berritzen”, gaineratu dute.
Honakoa ez da Berriak supermerkatuetako langileak mobilizatuko diren lehen aldia. Ekainean hainbat lanuzte egin zituzten saltoki kate horretako langileek, gauza hauek eskatzeko: urtero bost larunbat libre izatea, urtero zubi bat izatea gutxienez eta lan hitzarmenak jasotzen dituen lan orduak soilik egitea, eta ez gehiago.
Borroka horrek fruituak izan zituen, akordioa erdietsi baitzuten zuzendaritzarekin. Ondorengo onurak eskuratu zituzten horrela: urtero 5 larunbat libre izatea, baita zubi bat ere eta norberak hartzeko bi egun libre. Sartutako aparteko ordu guztiak aintzat hartzea ere lortu zuten beharginek.