Laudioko Udalak espero du azaroaren erdialdean irekitzea hiltegia behin betiko. Horretarako 140.000 euroko inbertsioa egin dute; teilatuko elementuak aldatu dituzte 22.000 euro gastatuta, 43.000 euroko inbertsioarekin sakrifikatutako animaliak garraiatzeko lerroak tratatu eta iturgintza lanak kontratatu dira, odola putzu bakarrean sartu eta kudeatzeko.
Horrez gain, udal langileek ur beltzak eta euri-urak banatzen dituen sistema konpondu dute eta hiltegia kudeatzen duen enpresak bere gain hartu du hainbat lan: zenbait areto hobetzea, esaterako.
Kudeaketa eredu berria
Joseba Amondo alkateordeak adierazi du hiltegiaren etorkizuneko kudeaketa eredua oraindik eztabaidatu behar dutela: "erabiltzaileekin eta beste erakunde batzuekin adostu beharra dago zein izango den. Laudioko hiltegia EAEko hainbat ekoizlek baliatzen dute, baita Aiaraldeko jende askok. Eztabaidatu beharra dago udal hiltegia izaten jarraituko duen edo eskualdekoa bilakatu behar den, adibidez".
Amondoren ustez, erakunde gehiagok egin behar dute ekarpen ekonomikoa: "Eusko Jaurlaritza ere, agian, batuko litzateke".
Momentuz, hiltegia kudeatzeko esleipena ez da berehala egingo. Alkateordeak azaldu du: "2020ko urtarrilean amaituko zaio kontratua egungo enpresari, baina luzatuko dugu hurrengo kontratazio baldintzak ondo zehaztu eta adosteko. Udan prestatzea da asmoa".
Bigarren fasea
Egindako obra guztiak lanen lehen fasea daude kokatuta. Horien bitartez hiltegia berriro funtzionamenduan jarriko da, araudia beteta.
Dena den, 2. faseari ekin behar diote oraindik; odola jaso, hondakin bihurtu eta garraiatzeko. Horretarako 370.000 euroko aurrekontua zuen udalak baina, egindako obren ostean, egokituko dute.
Ibilbide horretan guztian, udalak goraipatu du Eusko Jaurlaritzaren babesa ezinbestekoa izan dela.