“Bakar-bakarrik joango naiz Faktoriara, gitarra eta ahotsarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 24a, 14:40

Gitarra eta ahotsa izango ditu bidelagun Borja Estankonak bihar Faktorian. / Estankona

BORJA ESTANKONAk (Artea, 1979) ibilbide oparoa egin du musikari moduan. Kontzertua eskainiko du bihar Faktorian, formatu akustikoan.

Zure lehen diskoak nahiko rockeroak dira, talde bat dute atzetik, baina azken diskoan akustikoaren aldeko apustua egin duzu. Estilo horretakoa izango da Faktorian eskainiko duzun kontzertua?

Bai, zuzeneko disko horren estilokoa izango da, baina Faktoriara bakar-bakarrik joango naiz. Disko horretan eredu ezberdinak uztartzen dira, baina ostiralean bakarlari gisa arituko naiz, gitarra eta ahotsa.

Aurreko diskoetako abestien bertsio akustikoak joko dituzu, beraz.

Hori da. Nire azken zuzenekoan landu ditudanak izango dira, bertan bilduta baitaude nire aurreko bakarkako hiru diskoetatik hautatutako abestiak, gehi beste lauzpabost berri. Hori da gaurkotuen dudan errepertorioa, gaur egun eskaintzen dudana.

Zer ekarpen egiten dio formatu akustikoak zure abestiei?

Aipatutako zuzeneko hori akustikoan grabatu zen. Nik gitarra akustikoa jo nuen bertan, beste batzuek (Joseba Irazokik, kasu) gitarra elektrikoa baliatu zuten bitartean. Kontzertu semi-akustikoa izan zela esan daiteke. Tronpetak eta bateriak ez zuten anplifikaziorik.

Nik beti landu dut akustika. Nire abesti indartsuenak ere akustikoarekin konposatuta daude. Elektrizitateaz independentea izatea baldintza oso garrantzitsua izan da niretzako konposatzerako orduan, urte askotan zehar.

Argi dut amorruz betetako abesti batean distortsio, gitarra edo bozgorailu mota zehatz batzuk izateak mesede egin dezaketela. Abesti motelak ere noizbait gitarra akustikoarekin grabatu izan ditut.

Sorkuntza fasea etxean egin dut, bakardadean, gitarra akustiko baten laguntzarekin, baina gero askotan hirukote moduan jo izan dut diskoan eta kontzertuan, abestiak taberna eta plazetan indarrarekin aurkezteko.

Indarrezko diskurtsoak gogoko ditut eta gustuko dut musika rockeroa. Beti izan dut joera hori, musika “kañeroagoa” entzuten nuenetik behintzat.

Azken zuzeneko diskoan  magia hori transmititu nahi izan nuen, horregatik erabaki nuen ahalik eta biluzien abestea, tantagailuarekin hautatuta abesti bakoitzaren instrumentuak. Estilo aldaketa asko daude lan horretan, baina ez dut uste asko aldendu naizenik nire gitarrak eta nik dugun mundu horretatik.

Beti eskaini ditut kontzertu akustikoak. Noizbait bateriarekin eta distortsio apur batekin jo izan dut, baina askoz gehiagotan gitarra akustiko batekin.

Orain kontzertu akustikoak eskaintzeari ekin diozu.

Diskoa grabatu nuenetik kontzerturen bat edo beste eskaini dut. Orain Faktorian egongo naiz eta laster Arriagan. Denboraldi bat emango dut kontzertu akustikoak eskaintzen. Erraza egiten zait, ez dut kable artean burua hautsi behar.

Aita izan berri naiz eta ume txikiarekin fase honetan ehuneko ehunean nagoenez, nire soinu bilaketek itxaron beharko dute. Naturalen zaidanari heldu diot orain: gitarra hartu eta jo.  

Areto handi edo txikiak, zer duzu nahiago?

Poemak gitarrarekin musikatzen hasi nuen nire ibilbidea, Arratian, 17 urterekin. Hori izan zen nire lehen esperientzia. Euskal Herriko toki batzuetan egon ginen emanaldiak eskaintzen. Bolumen baxuko formatua zen, hitzek hartzen zutelako pisu gehien. Arreta handiko markoa da hori.

Beste marko bat tabernetakoa da. Gustuko ditut. Giroa dute, mugimendua barran. Taula horietan hirukotean ibili ohi naiz. Arean taldearekin jotzen nuenean, bateria oso indartsua zen. Hori zen gure terapia, gure hizkuntza.

Lehen diskoa apur bat intimista izan zen, baina bigarrenarekin plaza handietan jotzen hasi ginen. Euskal Herrian badago bolumena igo eta rock oldarkorragoa egiteko joera. Magnetismo moduko bat dago, testuinguru asko horrelakoak direlako.

Kultura etxeetan beste giro bat sortu da eta aukera izan dut bestelako formatuan egiteko. Beste kasu batzuetan taberna batera jotzera joaterakoan konturatu naiz ez zuela zentzu askorik hainbeste zarata egitea, oso erasokorra suertatzen zelako.

Edozein une, bolumen eta denbora onartzen duen arte bat izan beharko litzateke musika. Askotan formatu zehatz batean sartzen gara konturatu gabe, rock kultura nik gehien maite dudan kultura den arren.

Musika lasaia ere entzun izan dut, Leonard Coen edo Led Zeppelinen proposamen akustikoak kasu. Moldatzeko gaitasun hori izatea beti iruditu zait logikoa. Saihestezina izan da niretzat hori planteatzea, eta horretara egin naiz.

Gero ere kontuan izan behar da musikariek zer adierazi nahi duten. Nire hirugarren diskoa oso “kañeroa” izan zen, askatzeko beharra nuelako, gerora kontzertu asko eman ez genituen arren. Arantza bat kendu nuen horrela, garrasi batzuk botatzekoa. Oso terapeutikoa izan zen niretzat.

Letrei edo musikari, zeri erreparatu beharko dio gehiago Faktoriara doan entzuleak?

Abesti hautaketa berri honetako letrak oso nire sentitzen ditut. Kanta bakoitzean zerbait kontatzen ari naizenaren sentsazioa daukat.

Noizbait egin izan dut letrarik gabeko konposizioren bat, zeinetan soinuaren bidez transmititu nahi izan ditudan sentsazioak.

Kasu honetan, abesti bakoitza nire bizitzako zein unetan egin nuen oroitzen dut. Irudiak ditut buruan, eta abestiak kantatzean toki horietara noa. Hitzek sentsazio hori transmititzen laguntzen didate.

Horrez gain, nire anaiak hiru abestiren letrak egin ditu eta oso ondo funtzionatzen dute. Idazlea da bera; beraz, letra-zaletasuna duenak arreta jartzen badu nire anaiaren luma ikusi ahal izango du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide