[IRITZIA] "Ergelkeriaren monumentua" izan da Latiorroko zubia, azken egunera arte

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 25a, 12:00
Iñaki Moscosok sortutako memea atzo. / Iñaki Moscoso

1996an eraikia, Latiorro eta herrigunea lotzen zuen metalezko zubia polemikaren erdian sortu zen eta hautsak harrotzen joan da.

Umea nintzela, kaleko hormetan gazteleraz margotuta ondorengoa ikustea gogoratzen dut: "40 millones de pesetas para construir el monumento a la estupidez". Gerora, izen horrekin ezaguna izan da Latiorro auzoa eta Laudioko herrigunea lotzen zuen metalezko pasarela: ergelkeriaren monumentua.

Toño Aiz EAJko alkatearen lehen legeagintaldian -prebarikazioa egiteagatik postua galdua zuen gerora-  bultzatu zuten azpiegitura horren proiektua. Latiorroko auzo elkarteak berehala erakutsi zuen egitasmoaren aurka zegoela, eta 1993an bertan izan zituen bilerak udal gobernu taldearekin.

Iñaki Barandika auzokidea batzar horietan egon zen. Elkarteak ekimena bertan behera uzteko arrazoiak gogoratu ditu: "30 metroko ibilbidea betetzeko 120 eskailera igo eta jaitsi behar ziren. Gainera, nagusientzat eta umeen gurdiak zituztenentzat ez zen egokia. Hori gutxi balitz, eragin bisuala handia eta itsusia zen".

Auzokideen aburuz, benetako irtenbidea Zubiko Kurajoko pasabidea handitzea eta egokitzea zen, baina garaiko gobernu taldeak ez zien jaramonik egin, eta aurrera egin zuen metalezko zubiaren eraikuntzarekin.

4 urtez legez kanpo egon zen zubia
Pasarela 1996an bukatu bazen ere, 2000. urtean legez kanpoko eraikuntzatzat jo zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako Auzitegi Nagusiak, aniztasun funtzionaleko elkarteak egindako salaketaren ondorioz. Berez, epaileek berretsi zuten oztopo arkitektonikoa zela, eta irisgarritasun irizpideak ez zituela betetzen.

Hala ere, epaia ez zen guztiz gauzatu; eta zubia 19 urte gehiago egon da irisgarritasun neurririk gabe. Zehazki, horretarako igogailuak jartzea zen beharrezkoa, aukera oso garestia.

Porrot ekonomikoa
Iraun duen 23 urteetan, mantenu lanak beharrezkoak izan dira. Horrez gain, erabiltzaile bati 3.000 euroko kalte-ordaina eman behar izan zioten, labaindu eta erori baitzen.

Dena den, Iñaki Barandikarentzat desastre ekonomikoa hirukoitza izan da: "Lehenik eta behin, zubia eraiki zuten dirutza ordainduta. Gero, pasarelak auzoa eta herria ez zuenez komunikatzen, Zubiko Kurajoko tunela handitu zuten; eta, azkenik, kentzeko proiektua egin da. Hiru aldiz egin ditugu inbertsioak arazo bakarraren harira".

Kaosa asteartean
Trenbide gaineko pasarelak Laudio jarri zuen albistegietan asteartean. Izan ere, lanak egin zituen enpresak azaldutakoaren arabera, zubia urez beteta zegoen; eta horrek bere pisua biderkatu zuen. Mugitzen hasi arte ez ziren konturatu arazoaz, eta ordurako berandu zen.

Aurreikuspen faltak eraman zuen alboko eraikina -hau da, 35 familia- ebakuatzera, uste baitzuten erortzeko arriskua zegoela. Jende horrek guztiak etxebizitza utzi behar izan zuen gaueko ordu txikitan biharamunerako gauzak hartzeko denbora izan gabe.

Horrez gain, tren zerbitzua eteteko beharra egon zen goizeko lehen ordutik ia arratsaldeko 18:00ak arte. Milaka lagun izan ziren kaltetuak, eta autobusa hartu behar izan zuten lanera edo ikastera joateko.

Ergelkeria umorez
Ergelkeriaren monumentuak bere patua bete du azken unera arte -auskalo oraindik ezusteren bat emango digun- eta xahuketa ekonomikoa, zentzugabekeria, buruhausteak eta kalteak eragin ditu.

Hala eta guztiz ere, batzuek -Iñaki Moscosok, esaterako- ez dute umorea galdu, eta atzo bertan zenbait meme zabaldu zituzten sare sozialetan desastre guztia baliatuta barre egiteko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide