Eskuin hirukoitza kanporatzeko boto subiranista eskatu du EH Bilduk

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko aza. 1a, 14:13

Espainiako hauteskundeei begirako ekitaldia egin du EH Bilduk gaur goizean Kasinoan. Oskar Matutek eta Iñaki Ruiz de Pinedok hartu dute hitza.

Kasino betearekin aurkeztu da Arabako EH Bilduko hautagaitza gaur Laudion. Garazi Dorronsoro izango da senaturako Arabako zerrendaburua, eta Iñaki Ruiz de Pinedo kongresurako ordezkaria. 

Azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatu beharraz egin du gogoeta Ruiz de Pinedok hitzartzearen hasieran: "Zergatik daude berriro hauteskundeak? Emaitzak ez zaizkielako gustatu. Baina berriro errepikatuko dugu, eta gainera, gehiago izango gara. Ilusio eta aliantza zabalak ditugu". Horren adibidetzat jo dute Herrialde Katalanekin, Galiziarrekin eta Balear uharteekin osatutako hitzarmena. Espainiako gobernuaren akats nagusiena "arduragabekeria" izan da, kongresistaren aburuz: "Araban ondo erantzun dugu, baina Espainian eskuma hirukoitza erabakigarria izan daiteke. Egoera kezkagarria da. Apirilean bezala, azaroaren 10ean Espainiako eskumako indarrak ordezkaritza gabe utziko ditugu". Araban asko dago jokoan, erantsi duenez: "PP edo EH Bilduren artean dago eskubideak bermatzea edo murrizketak". Jose Angel Otxoa de Eriberen heriotza eta borroka gogora ekarrita bukatu du hitzartzea.

Oskar Matutek, berriz, Espainia konstituzionala krisian dagoela azpimarratu du, gobernua osatzeko ezintasuna medio: "Bozkatzea ezin da delitu izan, ez bozkatzea onartzea baizik. Bi aukera daude, EH Bilduren bidez demokrazia defendatzea edota 78ko erregimena eta autoritarismoa". Pedro Sanchezi gobernu progresibo edo eskumakoaren alde lerrokatzeko eskatu dio, "eskubideak bermatzea edo murriztea". Horren aurrean, indar soberanistak kokatu ditu giza eta herri eskubideen berme bakartzat. "Autodeterminazio eskubidea ez dute nahi, baina honen atzean Katalunia, Galizia eta Balear uharteekin dugun indar metaketa dago. Soberanisten gobernuak soilik geratu ditzake eskumakoen interesak". Koalizio abertzalearen agenda politikoa aipatuta bukatu du solasaldia, pentsionisten, feminismoaren, langileen borroken eta gazteen egoerari keinu eginez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide