"Izugarria izan zen 'El silencio de la ciudad blanca' filmean parte hartzea"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 5a, 07:00
Modelo gisa lan egiten du Ane Callejak. / Caché Fotografía

ANE CALLEJAk (Laudio, 1997) agerpen txiki bat egin du zineman estreinatu berri den El silencio de la ciudad blanca filmean. Gainera, hainbat ibiltokitan desfilatu du, eta Dubai eta Indian egon da modelo lanetan, besteak beste.

Nolatan aukeratu zintuzten filma grabatzeko?

Filmaketa Gasteizen izan zen. Zuzendariak paper horretarako aberaskumeak behar zituen, pixka bat galantak. Orduan, ni nagoen modelo agentziara joan ziren, jende bila. Nik, pelikularen parte izan nahi nuenez, curriculuma bidali nuen; jende asko zegoen. Ez dakit kantitatea zehatz-mehatz, baina 300 pertsona inguru geunden. Ez nuen inodik inora espero deitzea. Astebetera dei bat jaso nuen paper nahiko garrantzitsua interpretatzeko.

Nolakoa izan zen filmaketa batean egotearen esperientzia?

Patxi Urkijoren film batean aritu nintzen, baina hau handiagoa izan zen. Izugarria da, jende gehiago dago kameratik kanpo barruan baino! Zoramena da.

Zenbat egun egon zineten?

Gasteizen zazpi edo zortzi egun, askoz jota. Gero, Madrilen beste bi egun igaro genituen. Gau bat eta bi egun. Ostatua ordaindu zidaten, denetarik.

Belen Rueda, Javier Rey eta Aura Garridorekin batera egon zinen. Zer ikasi zenuen horrelako jendearekin batera lan egiten?

Oso klase altukoak dira, ez dakit nola azaldu. Haiek badakite zuk badakizula eurak nortzuk diren, badakite ezagutzen dituzula. Kontua da haietako batzuek haien burua serioegi hartzen dutela, baina beste batzuk umilagoak dira. Hoberen, Itziar Ituñorekin moldatu nintzen, Basaurikoa da eta euskaraz eta guzti hitz egin genuen. Besteekin, nahiz eta jatorrak izan, tratu gutxiago izan nuen.

Pelikulaz aparte, zer egin ohi duzu modelo agentzian?

Desfileak egiten ditut batez ere, hoberen moldatzen naizen arloa baita. Gero, marken arabera, argazkigintza ere egiten dut, baina ibiltokia nahiago dut. Jende famatuarekin desfilatu dut bertan: Teresa Helbig, Alicia Rueda, Santos Costura... Asko daude, nazioartean ere garrantzitsuak direnak.

Zer maiztasunarekin desfilatzen duzu?

Urtean bi desfile handi egiten ditut: udazken-negukoa eta udaberri-udakoa. Agentziaren partetik, bi horiek bakarrik dira. Baina gero, jendeak gogoko bazaitu eta zure kontaktuen arabera, bizimodua ateratzen duzu. Norbaitek zurekin argazki saio bat egin nahi badu, eta ados bazaude, egiten duzu; nahiz eta negua izan.

Zeintzuk dira zure betebeharrak agentzian mantendu ahal izateko?

Bat ere ez. Noizbehinka, zer edo zer puntuala egin nahi duzun galdetzen dizute. Esaterako, datorren astean desfile bat daukat Bilbon eta beste bat Donostian, baina bi egun solte dira bakarrik. Hilero abisatzen dizute zerbait badago, eta egitea interesatuko litzaizukeen galdetzen dizute.

Agentziarekin zer nolako asmoak dituzu etorkizunera begira?

Momentuz haiekin jarraitu nahi dut. Nazioartean ere mugitu naiz, Dubai eta Indian egon naiz. Orain are urrunago joateko esan didate, baina horretarako oso bideratuta egon behar zara. Gutxienez hiru hilabeterako bidaia da, eta hiru hilabete denbora asko da, batez ere, nire kasuan bezala, ikasketak badituzu, edo beste edonolako bizitza baduzu: nik, adibidez, zaldi bat daukat. Mantendu beharra dago.

Nolakoa izan zen zure esperientzia Indian?

Oso gogorra. Hiru hilabeteko kontratua nuen, baina bigarren edo hirugarren astean gaixotasun bat hartu nuen eta medikuak etxera bidali ninduen. Oso txarto nengoen.

Han zer motatako lana zenuten?

Castingetara joan behar nintzen egunero. Hautatzen bazintuzten, Amazon edo AliExpress bezalako enpresen katalogoetan hartzen zenuen parte. Jende asko ezagutu nuen han, ukrainarrak, errusiarrak...

Zer motatako giroa aurkitu zenuen castingetan modeloen artean?

Hasieran nahiko gogorra egin zitzaidan. Txarto begiratzen zidan baten bat zegoen, ni haien gainetik egotearen beldur ziren. Keinu itsusi asko egiten zituzten, baina orain badakit norekin moldatzen naizen eta norekin ez. Nazioartean, hobeto. Azken finean, haiek zure familia bihurtzen dira, egunero ikusten dituzunak direlako.

Esperientzia errepikatu nahi izango duzu?

Indiakoa ez. Milanera joateko ere esan didate, eta baliteke animatzea. Europa da, urrunago ez naiz joango.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide