Madrilerako boto positibo eta eraginkor gisa aurkeztu da EAJ

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko aza. 4a, 20:59

Alberto Acero plazan egin du EAJk azaroak 10eko hauteskundeen ekitaldia. Almudena Otaolak, Mikel Legardak, Aitor Estebanek eta Iñigo Urkulluk hartu dute hitza. 

Almudena Otaola senatariak -eta hautagaiak-  hasi du ekitaldia, egoera politikoari keinu eginez: "Gertatu dena politikarien errua izan da, baina gu taldea -euskal selekzioa- gara eta irabazi behar dugu. Zuen indarra da behin eta berriz garaipena emango diguna". Senataria izanik, "hamarreko taldea" dutela azaleratu du: "Azaroaren 10ean boto guztiak mugitu behar ditugu Araba eta Euskadiren ordezkaritzarako. Boto eraginkor bakarra dago, EAJrena". Europa izango dutela ipar nabarmendu du, eta emakumeen borroka gogora ekarrita bukatu du hitzartzea. Izan ere, bihar beteko dira 86 urte emakumeek lehenbizikoz bozkatu zutenetik. 

Mikel Legarda kongresuko ordezkariak Pedro Sanchezen inbestidura izan du hizpide, baita hartzen ari diren neurriak ere: "Kanpaina betean gaude. Jendeak uste du politika interesen sehaska dela, baina guretzat jendartearekiko eta gure lurraldearekiko konpromisoa da". Hauteskundeen garrantzia azpimarratu du: "Herritarrei bozkatzea eskatzen diegu, abstentziora jota berdin banatzen direlako eserlekuak. Gu gara diferentzia markatzen dugunak. Soluzioak proposatzera goaz, ez arazoak".

Aitor Estebanek, berriz, gainontzeko alderdien jarrera kritikatu du, PPrena nagusiki: "Ciudadanosekin elkarteko gai izan dira. Foralistak direla diote, baina ez horixe! Casadok argi esan du, murrizketak egin eta autogobernua kendu nahi dute". PSE-EEri dagokionean, Pedro Sanchezen federalismo eredua jarri du kolokan: "Euskadin eta Katalunian nazioen gaia blokeotik atera behar da. Bideak hiru ardatz ditu: naziotasuna aitortzea, aldebikotasuna eta epaile neutrala". 

Iñigo Urkullu izan da parte hartzen azkena. Gehiengoa eskuratzea borondate kontua dela argudiatu du lehendakariak: "Azken urteetan gehiengo nahikoa izan da Madrilen, baina ez da borondaterik egon, Euskadin bai". Apirilaren 28tik Espainia 6 hilabete geldi eduki dutela kritikatu du, "hemen ez bezala". Adibide gisa aipatu ditu medikuntzako plazak, hezkuntzako programak, teknologia eta garapeneko proiektuak, enpresen sustapena edota Ertzaintzaren lan deialdia. "Euskadi martxan dago, politika positiboa eta eraginkorra da EAJrena". Alabaina, "inkisizio politikoaren hotsak" entzuten dira, Urkulluren aburuz: "Ez da VOX bakarrik, hau estatu kontua da. EAJ legez kanpo uzteko mehatxua larria da, eta gure erantzuna ere horrelakoa izan behar da. Datorrena datorrela, Euskadi defendatzen jarraituko dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide