"Ezezagun perfektuak gara, dena konpartituko bagenu, gure arteko harremanak txarrak izango lirateke"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 7a, 07:45
31 urte daramatza Aitor Urquijok Oihalak Zabaltzen taldean. / Oihala Zabaltzen

AITOR URQUIJO (BILBO, 1970) Oihala Zabaltzen antzerki taldearen kidea da, eta azaroa eta abendua bitartean taldearen 68. obra, Perfectos desconocidos film italiarraren moldaketa berria antzeztuko du Amurrion eta Laudion.

Zer dela eta aukeratu duzue Perfectos desconocidos lana?

Gu, nagusiki, gogoko ditugun filmetan oinarritzen gara gure antzezlanak egiteko, eta duela pare bat urte Paolo Genoveseren pelikula ikusi eta asko gustatu zitzaigun.

Antzerkiaren antz handia zuela ikusi genuen berehala; agertoki bakarrean eta denbora zehatz batean dago istorio osoa. Gainera, komedia eta drama nahasten zituela ikusi genuen, gustuko dugun bezala.

Ikusi eta gero, obra idazten hasi ginen, erredaktatzen, gaur arte. Pasa den urtean Laudion antzezten saiatu ginen, baina arazo bat izan eta ezinezkoa egin zitzaigun.

Arazo horrek Amurriora bidali gintuen taldearen historian lehenengo aldiz, baina aurtengo abenduaren 21ean Laudion antzeztu ahal izango dugu azkenean.

Nolakoa da zuentzat filma antzerkira moldatzeko prozesua?

Kasu honetan ez zen oso zaila izan. Beste batzuetan zailagoa egin zaigu, antzerki-forma txikia duen obra bat hartuz gero, hondatzeko arriskua dago.

Esaterako, duela urte batzuk La joven del agua filma moldatu genuen, Shyamalanena. Gainera, bi moldaketa egin genituen: hasieran aurretiko bat egin genuen, eta gero La joven del agua bera. Tematu eta aurrera eramaten dituzun gauza horietako bat izan zen. Aurtengo kasuan errazagoa izan da zentzu horretan.

Zailena gure beharretara moldatzea da. Horregatik, toki, pertsonaia eta egoera desberdinak bilatu behar ditugu. Perfectos desconocidos obra originalean zortzi pertsonaia besterik ez dira, baina gu hamabost kide gara, genero eta adin desberdinetakoak.

Hasierako pertsonaien bikoitza asmatu behar izan ditugu: 70 urteko partaideak ditugu, eta haien adinetako norbait interpretatu behar dute. Hamabost urteko beste neska bat ere dugu.

Hori da guk egiten dugunaren meritu handiena; ez hainbeste antzerkira moldatzea, erraza delako, baizik eta gure beharretara moldatzea. Horrek denbora ugari darama. Funtsean, obraren egitura nagusia kaltetzen ez duen egoerak bilatzea da egiten duguna.

 

"Istorioaren garraztasuna areagotu dugu"

 

Zer motako mezuak bidali nahi dituzue antzezten dituzuen obrekin?

Guk, funtsean, komedia egiten dugu. Egia da ere guri komedia emozionala gustatzen zaigula, ikusleari mezu bat bidaltzen dion komedia mota hori.

Antzerkiarekin hasi ginenean, adibidez, Alejandro Casonaren obrak egiten genituen. Kasu honetan, Perfectos desconocidos pelikula gogorra da, zakarra.

Nik, duela gutxi, Estatu Espainiar osotik dabilen Perfectos desconocidosen antzerki moldaketa ikusi dut, eta drama gutxi eta komedia asko dauka.

Guk, kontran, istorioaren garraztasuna areagotu dugu, muntaketa gogorra dugu, kezkagarria. Mugikorrak gure bizitzetako kutxa beltzak direnaren mezua igorri nahi izan dugu. Ezezagun perfektuak gara dena konpartitzera ez garelako ausartzen, dena partekatuko bagenu gure arteko harremanak txarragoak izango liratekeelako. Hori da bilatu dugun mezua.

Gaurkotasun handiko gaiak aipatu dituzu. Gaur egungo obrak moldatzen dituzue beti, ala klasikoak ere aurrera eramatean dituzue?

Lehen klasikoagoak egiten genituen. 18 urte nituenean hasi nintzen taldearekin, eta dagoeneko 31 urte daramatzat; gaztea zarenean irakasleen aholkuei kasu gehiago egiten diezu, eta klasikoetatik hornitzen ginen gehienbat.

Denborarekin hori galdu egin dugu, eta bestelako gauzak egiten ditugu: Mamma mia!, Arsénico por compasión eta antzeko komediak ere antzeztu ditugu.

Hala ere, urteekin gaurkotasun handiagoko gauzak egiten hasi gara. Normalean gustatzen zaizkigun pelikulak eta “moldagarriak” direnak egiten ditugu, kultura zinematografiko handiagoa baitugu.

Zuentzat ez litzateke erosoagoa izango antzerki obrak zuzen-zuzenean moldatzea?

Ortodoxoak izango bagina, bai. Baina inolako antzerki formaziorik ez dugunez, eta kultura zinematografiko handiagoa dugunez, eskuragarriagoa egiten zaigu ikusi dugun eta menderatzen dugun filma moldatzea eta norberaren estilora eramatea.

Litekeena da, antzerki trebakuntza izatekotan, dagoeneko eginda dagoen antzerki obraren bat hartu eta moldatzea sinpleagoa izatea; teoriak hori dio, behintzat.

Zuen obra propioak sortzea planteatu al duzue inoiz?

Bai, askotan egin ditugu. Guztira, 68 egin ditugu, asko gureak dira. Gazteagoak ginenean, irakasleen iritzitik aparte joan ginen momentu bat heldu eta gure obra propioak egiten hasi ginen.

Orain, atzera begira, egindako batzuk ez zirela oso onak esan daiteke, baina beste batzuk oso interesgarriak ziren. La sombra del atardecer gogoratzen dut, Shyamalanen El bosque-n oso oinarrituta zegoena.

Gaur egun, berriz, gustatu zaigun pelikula bat hartu eta antzerkira moldatzen dugu, ez dugu jada obra berririk egiten.

Moldaketa egiterako orduan, zer puntutara arte bilatzen duzue filma baten ikuspegi originala mantentzea?

Film baten aldeko apustua egitera bultzatzen gaituena obra horretan emozio bat aurkitzea da. Zer pasa da? Batzuetan, filmean aurkitzen duzun emozioa ez dela antzerkian aurkitzen duzun emozio bera, emozio desberdina hautematen duzu.

Beti hasten gara pelikularen emozioarekin, baina moldaketa prozesu horretan gure emozioetara bideratzen dugu nahi gabe. Nahiz eta esentzia apur bat beti mantendu, batzuetan originalaren oso desberdina den zerbait egiten amaitzen dugu.

Egiatan, komentatu dizudan Perfectos desconocidos-en estatu osotik dabilen antzezlanaren mezuak ez du ia zerikusirik guk bidaliko dugunarekin.

Gure helburua da jendeak obra ikustean kontzientzia ekintza egitea, eta mugikorrekin eta sare sozialekin zer egiten duten planteatzea; norbera nolakoa den hausnartzea. Gaurkotasun handiko interpretazio ugari ditu gure obrak.

Nola mantentzen dituzue protagonismoa eta dinamismoa pertsonaia gehiago sartuta?

Batzuetan lortzen dugu eta beste batzuetan ez. Nik uste dut batzuetan ez dugula lortu, dena esan beharra dago.

Batzuetan trama nagusiaren inguruan ondo funtzionatzen duten istorioak sortzeko gaitasuna duzu, eta beste batzuetan ez duzu lortzen, ez espero duzun neurrian behintzat.

Phenomenon, adibidez, ez zitzaigun ondo geratu; hainbeste gauza berri sartu genituen, non film originala indargabetu eta bitarteko zer edo zer sortu genuen.

Aurten ez da kasua, zintzoki uste dut Perfectos desconocidosen sartu ditugun elementuek istorioarekin bat egiteko bertutea dutela. Egia da gutxiago izango bagina, ez ginela hainbeste jende sartzera behartuak ikusiko, baina obraren mezua aberasten duten pertsonaiak sartu ditugula uste dut. Ez du esentzia kaltetzen.

 

"Obra hau amaitzean jarraitzeko gogoak ditugun pentsatu beharko dugu"

 

Entseguak egiteko nola moldatzen zarete?

Asko gara eta adin oso desberdinetakoak, zaila da denok batera egotea. Praktika falta horrek antzerkian oso garrantzitsua den gauza bat baldintzatzen du: mugimendu eszenikoa.

Obra honetan, gainera, mugimendu eszenikoak oso garrantzitsua izan beharko zukeen, baina guretzat ezinezkoa da. Zergatik? Hamabost pertsona garelako eta asko entseatu beharko genukeelako gure artean ondo koordinatzeko.

Imajinatu ahalko duzun bezala, jende asko falta da eta guztira hamabost bagara, zortzi, bederatzi, hamar edo hamaika gaude. Hamabostak batera obraren egunean soilik gaude.

Orduan, mugimendu eszenikoa ezin dugunez erabat landu, agertokian gutxiago mugitzeko erabakia hartu dugu, beste era batzuetan ordezkatzen saiatzen gara.

Etorkizunari begira, zer obra duzue buruan?

Momentuz hau Amurrion eta Laudion taularatzea da gure asmoa. Ez dakit, nik beti esaten dut obra bakoitza puntu eta aparte bat dela, amaitzean ea jarraitzeko gogorik dugun begiratu behar dugu.

Urte asko daramatzagu planteamendu honekin, eta 31 dira dagoeneko, baina egia da galdera hori urtero dagoela mahai gainean. Suposatzen dut ondo ateratzen bada, eta aterako da, gorakada handia hartuko dugula.

Antzerkia gorakada handiak ematen dituen ekintza da, ondo ateratzen bada. Jendeak txalotzen zaitu, bat-batean oso garrantzitsu sentitzen zara, zerbait interesgarria egin duzula sentitzen duzu, jendeak ondo egin duzula esaten dizu... Eta hori, normalean, proiektua berriz hartu eta beste obra bat moldatzeko adina energia izaten da.

Hala ere, baten bat dugu jada buruan, suposatzen dut energia berreskuratzen dugunean beste bat egingo dugula. Gure ildoan jarraituko dugula suposatzen dut, komedia beltzak egiten: jendeak friboloak diren gauzez barre egiteko aukera izango du, baina baita pentsatzeko ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide