Idoia Mendiak Vox eta eskuinaren aurkako boto sozialista eskatu du

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 7a, 13:45

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko diputatua Laudion egon dira gaur goizean. Kasinoan egin dute hauteskunde ekitaldia.

Gaur hamaiketan Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan hauteskunde ekitaldia antolatu du alderdi sozialistak. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eta Cristina Gonzalez Arabako diputatuak hartu dute hitza. Eskualdeko hainbat kide batu dira babesa emateko.

Cristina Gonzalezek aipatu du Pedro Sanchezek aurre egin diola "Vox-i, independentisten presioari, populistei, eskuinari eta anbizio pertsonalei". Horrez gain, azpimarratu du hautagai sozialista blokeatu dutela indar politiko guztiek. Zentzu horretan, gobernua sortzeko, eskuinarekin akordiorik ez dutela egingo goraipatu du eta defendatu du Podemosekin hori egitea ezinezkoa zela, "ministroak nahi zituztelako, programa baino".

Bestalde, Laudion sozialistek egindako lana goraipatu du Idoia Mendiak. Izan ere, aurreko hauteskundetan %44an hobetu zituzten emaitzak. Bere iritziz, hori gertatu zen jendeak ulertu zuelako larrialdi egoeran zeudela eskuin muturra dela eta: "Ikusi dugu Vox, Ciudadanos eta PP bloke bakarra direla eta hori erakutsi dute Madrilen, Murtzian eta Andaluzian".

Mendiaren aburuz, Ciudadanosek eta PPk berpiztu dute ultraeskuinaren mamua, gobernuetan sartuta. Gauzak horrela, Vox mehatxua da berdintasunarentzat, frankismoaren biktimentzat eta langileen eskubideentzat, PSE-EEko idazkariaren aburuz. "Talde arrazista, matxista eta aniztasunaren kontrakoa da", adierazi du.

Idoia Mendiaren ustez, bi gobernu posible besterik ez dira egongo: Pedro Sanchezena eta Pablo Casadorena. Gauzak hala, sozialistak gailenduko direla ziurtatzeko, aukera bakarra Pedro Sanchez bozkatzea dela defendatu du Mendiak, "besteek ez baitute argitu zer egingo duten euren botoekin".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide