"Tokiaren arabera kantu ezberdinak jotzen ditugu"

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 12a, 07:00

Tristtan Mourguy kontzertu batean. / Musikazuzenean.com

TRISTTAN MOURGUY (Lapurdi, 1982) abeslariak azaroaren 15ean eta abenduaren 20an joko du Laudion, Huts eta Keska tabernetan, hurrenez hurren. Lehenengo kontzertua bakarka emango du; bigarrena, berriz, bere musika taldearekin batera (baxu jole bat, bateria jole bat era bera, abeslari eta gitarra jolea). Musikariaren disko berria aurkeztea izango da bi emanaldien xedea. 

Kontzertu bikoitza emango duzu Laudion, akustikoan bata eta taldearekin bestea. Zer desberdintasun dago bien artean?

Akustikoa jotzeko gitarrarekin bakarrik etorriko naiz; bandarekin pixka bat desberdina da. Noski, indartsuagoa ere bada.

Errepertorioa berdina da ala bi emanaldi desberdin direla esango zenuke?

Kanta batzuk berdinak izango dira, baina bakarka egitean beste modu batera egiten dut. Desberdinak izango dira bi emanaldiak.

Zure azken diskoa orain dela gutxi plazaratu duzu. Duela urtebete Amurrion beste disko bat aurkeztu zenuen.

Duela urte eta erdi bi disko aurkeztu genituen Amurrion. Araba aldean aurkeztuko dugun laugarren diskoa da honakoa, bai bakarka edo bai taldearekin.

Zer nabarmenduko zenuke disko honetatik?

Guztira zazpi taldekide izatera heldu gara, bost ere izan gara. Baina gero hirukote bezala egonkortu dugu taldea: bateria, baxua eta ni. Beraz, beste estilo batera eraman gaitu horrek, beste tonu eta doinu batzuetara. Banda bezala egin ditugu entseguak. Lehen, bakoitzak bere kabuz entseatzen zuen, diskoak zuzenean grabatzen genituen estudioan; bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Honetan, hirurak batu gara hasieratik, grabaketa egin aurretik.

Disko kolektiboagoa da orduan.

Bai, hori da. Eta nabaritzen dela uste dut.

Lehen Tristan Mourguy eta Horeba zen taldearen izena.

Bai, kolektibo bat genuen, baina oso aldakorra. Batzuetan piano jolea zegoen, beste batzuetan tronpeta jolea... Orain, soinu moduan egonkortu eta izenaz aldatzea ere erabaki dugu.

Hemen inguruan ibili zarela aipatu duzu. Zu, berez, Iparraldeko musikaria izanda, zaila egiten da Hego Euskal Herrian jotzea?

Egia esan, toki guztietan begiratzen ditut jotzeko aukerak. Hego Euskal Herrian ditudan kontaktu guztiei idazten diet. Euskaraz dakien biztanleriaren %90 Hego Euskal Herrian dago. Iparralden, edo Lapurdin behintzat, euskal zale edo euskal musika zale gutxiago dago, eta nahiko zaila da aurrera egitea.

Nola definituko zenuke zure musika?

Edonon entzuteko moduko musika da. Non jotzen dugun ikusi eta, horren arabera, tonu lasaiagoa edo kañeroagoa ematen diogu. Tokiaren tamainaren arabera moldatzen dugu emanaldia, kontuan izanda jendea zutik ala eserita dagoen. Tokiaren arabera kantu ezberdinak jotzen ditugu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide