G.G.E. laudioarrak epaitegian exijitu zion iragan astean Gizarte Segurantzari kalte-ordaina, amiantoaren espozisio luzea pairatzeagatik.
Osagai kutsakorrak orbain garrantzitsuak utzi ditu bere gorputzean: “pleurak kalteturik ditut, eta ezkerreko birikia oso txarto daukat. Bihotzean ere ebakuntza egin didate eta faringean nabaritzen dut lehen askoz hobeto hitz egiten nuela. Ezin dut esfortzurik egin, apur bat ibiliz gero, arnasik gabe geratzen naiz. Horrez gain, mina daukat sorbaldan eta lo egiteko parazetamola hartu behar dut. Medikuak eskaintzen dizkit botika indartsuagoak, baina ez ditut onartzen, egoerak okerrera egiten duenean beharrezkoak izango baititut, eta ez dut ohitu nahi. Pilula mota ugari hartzera behartuta nago jadanik".
Amiantoari lotuta
G. G. E.-k JEZen, Arcelor Mittal eta, gehienbat, Aceros de Llodio enpresetan egin zuen bere ibilbide profesionala. Berez, Acerosen 23 urtez aritu zen garabi gidari arduretan: “batzuetan 60 gradura lan egiten genuen. Hainbat urtez baliatu nuen garabiak ez zuen leihorik, kutsadura guztia sartzen zen. Batzutan ez genuen ezta 3 metrora ikusten zegoen poluzioagatik, ventolita, adibidez”.
Bestalde, langileak gogoratzen du amiantoa edonon zegoela eta edozertarako erabiltzen zutela: “amiantozko mantak hartzen genituen beroari edo hotzari aurre egiteko.”
Metalgintzako langileak salatzen du enpresek ez zutela inolako segurtasun neurririk hartu: “ziurrenik eurek ez zekiten zer gertatuko zen epe luzera, baina maskararik ez genuen hautsa ez irensteko, eta armairu bi izan ordez, bakarra genuen. Horrela, laneko arropak kalekoa kutsatzen zuen eta emakume asko ere gaixotu dira, arropa garbitzerakoan substantzia horrekin harremana izan dutelako".
"Edozein aitzakia bilatzen dute ez aitortzeko. Nik, zorionez, ez dut inoiz erre eta ezin izan zuten hori argudiatu”
Medikuak
Erretiroa hartu eta gutxira agertu ziren G.G.E.-ren osasunean arazoak: “duela 17 urte hasi ziren pleuran”.
Horrek adituz aditu eraman du. Osakidetzako medikuen dokumentazioa eskuratu zuen gaixotasun profesionalaren aitorpena lortzeko. Bada ez bada, forense pribatu batengana ere jo zuen: “1.000 euro gastatu nituen topatu nuen onenean”.
Ahalegin horri esker aitorpena eman zioten eta pentsio hobea jasotzen du orain: “ez da erraza, edozein aitzakia bilatzen dute ez egiteko. Nik, zorionez, ez dut inoiz erre eta ezin izan zuten hori argudiatu”.
Dena ondo bidean, hilabete batzuetan espero du dagokion kalte-ordaina ere bereganatzea. Edonola ere, laudioarra ez da oso baikorra: “diru hori jaso arren, nire osasunak ez du hobera egingo. Egia esanda, askoz okerrago ere egon naiz eta orain nahiko modu onargarrian nago, baina egun batetik bestera etor daiteke gainbehera. Sendagileek argi dute okerrera egingo dudala eta ez dago tratamendurik”.
Amiantoa buruan
G. G. E. helduen ikastetxean ematen ditu pare bat goiz astero. Han trebatzen ari da ordenagailua hobeto erabiltzeko, eta etengabe bilatzen du Interneten informazioa amiantoari buruz: “dokumentazio pilo dago sarean. Material horren tonak eta tonak ekarri zituzten Laudiora enpresek eta orain lankide asko hiltzen ari dira. Batek daki Aceros lantegitik gertu bizi zirenak kutsatu ez ote diren. Berez, amiantoaren fibrek harea baino errezago bidaiatzen dute. Batzutan basamortuko harea topatu dezakezu autoan; hortaz, atera kontuak.”
Substantziaren eraginaren inguruan hausnartzen du egunero laudioarrak eta bere esparru hurbilenera eramaten du: “Lankideak hiltzen dira eta maiz ez dakigu zergatik, baina borrokatu beharra dago egia azaleratzeko. Tamalez, asko ez daude prest borrokatzeko”.