"Nahiz eta Laudion denbora gutxi eman, Martinez Villarrek ez zuen inoiz bere sorterria ahaztu"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 12a, 20:18
Egoitz Bernaola -erdian- beste liburu baten aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

EGOITZ BERNAOLAk (Laudio, 1983) Julian Martinez Villar musikari laudioarrari buruzko biografia idatzi berri du, eta disko bat ere argitaratuko dute bere abestiekin. Martínez (Laudio, 1870 – San Antonio, 1944) Euskadin jaio zen, baina bere karreraren parterik handiena Amerikan eman zuen piano-jole gisa. Mexikon eman zituen bederatzi urte baina, bertan jazotako iraultza dela eta, AEBra mugitu behar izan zen, eta bere bizitzako azken hogeita hamar urteak eman zituen bertan.

Nola sortu zen Julian Martinez Villaren biografia idazteko eta bere abestiekin disko bat grabatzeko ideia?

Laudioko San Roke Kofradiaren betebeharretako bat herriko kultura eta ondareak sustatzea eta gure herriko historian zehar nabarmendutako pertsonaiak bultzatzea da, ezezagunak baitira. Proiektu horren parte da Julián Martínez Villarren obra eta memoriaren berreskurapena. Kasu konkretu hau, gainera, ikerketa bikoitza izan da, liburu bat eta bere abesti esanguratsuenen bilduma osatu baitira. Diskoa Ariadna Martinez sopranoak eta Antonio Oyarzabal piano-jotzaileak sortu dute.

Nahiz eta jaiotzaz laudioarra izan, musikalki Bilbon hezi zen Martinez. Nolakoa izan zen prozesu hori?

Zoritxarrez, bere musika hezkuntzari buruzko daturik ez da kontserbatu, edo momentuz ez dugu aurkitu. Hala ere, jakina da Bilbora joan baino lehen solfeoa ikasi zuela Laudion Anacleto Inchaurberekin -Lamuzako elizako organo-jole bizkaitarra, eskarmentu handikoa- batera, eta 22 urterekin (1892n) musika pieza originalak argitaratzen hasi zela.

Beraz, uste dugu Laudio uztean bere musika formazioa Bilboko garaiko maisu nabarmendu batekin jarraitu zuela, edo garaian existitzen ziren musika akademietako batean. Oso litekeena da ere, horretarako, Laudioko mezenas baten laguntza ekonomikoa edo babesa izatea, Martinez familia xumekoa baitzen. Horregatik, Urquijo familian pentsatzea zentzuzkoa dirudi.

 

"Mexikora joatea probisionala zen hasieran, baina ez zen inoiz bueltatu"

 

Zer eragin izan zuen bere aitak, txistularia zenak, Julianen estiloan?

Bere aita garaiko “musikari danbolin-jotzailea” izateak Julianen musikarekiko afizio eta gaitasun onak bere familiak hasieratik babestea eragin zuen. Gainera, Julianek euskal aireekiko eta herriko kantu euskaldunekiko interesa bultzatu ahal izan zuela uste dugu. Azken hauekiko miresle eta jakintsua izan zen ere. Bilbon zegoela, kantu hauek ikasi eta pianorako armonizatu egin zituen bilduma album batzuetan sartuta; non hain ezagunak diren Hiru damatxo edo Boga, boga, mariñela kantak aurkitu ditzakegun. Hori izan zen euskal musika tradizionalarekiko bere ekarpenik handiena, Guridi bezalako maisuek eginiko lana baino lehen burutu zuena.

Zerk bultzatu zuen kontinentez aldatzera?

Mexiko Hirira 1905ean egindako lekualdaketaren arrazoi nagusia hango Antzerki Nagusiko orkestra zuzentzeko aukera izan zen. Horretarako, Bilboko Udalari (irakasle titularra zen udalaren menpean zegoen eskola munizipal batean) baimen bat eskatu zion, lanpostu hori aldi baterako betetzeko asmoz. Lan eskaintza horren testuingurua ezezaguna da, baina hasieran probisionala zena definitibo bilakatu zen, eta ez zen inoiz Bilbora bueltatu.

Pianorako musika eta kantak egin zituen nagusiki. Zein izan zen bere estilo pertsonala?

Egia da bere kantu eta pianorako kanta originalen eta konponketen parte handi bat musika klasikoan eta tradizionalean zentratzen dela, baina solfeoaren teoriako obra bat ere sortu zuen, baita txistulari bandetarako zortzikoak. Zarzuela bezalako genero eszenikoetarako lanak ere egin zituen. Bere sorkuntzen arteko erlazio osatua eta definitiboa sortzea zaila da, baina berari egotzitako ehun titulu inguru ezagutzen ditugu gaur egun.

50 urtetan zehar landu zituen generoen aniztasunaren berri ematen digu horrek. Bere estiloa espazioaren eta denboraren arabera aldatu zen. Tradizioetatik hornitu zen, baina bere bere denborara egokitutako autore bat zen: bizi zen tokiko modak eta gustuak hartu, bere beharretara egokitu, eta zigilu pertsonala jartzen zien.

 

"Bere ondarea desagertzen joan zen eta guretzako ezezaguna den pertsonaia da"

 

Euskaditik Mexikora joan zen bizitzera baina, iraultza dela eta, AEBra mugitzea erabaki zuen. Horrek zer eragin izan zuen bere musikan?

Euskadin hamabost urte lanean egon eta gero, Mexikon beste bederatzi eman zituen, baina 1914ko Mexikoko Iraultzak sortutako ezegonkortasunak iparraldera mugitzera bultzatu zuen, bere familiarekin batera. Texaseko estatura, AEBn, mugitu zen azkenean. Laredo hirian bizi eta bere karrerarekin jarraitu zuen hasieran, eta, ondoren, San Antoniora joan zen, eta bertan hil zen 1944. urtean. Bizitoki aldaketa hauek, logikoki, bere ibilbide profesionalean eragina izan zuten, lan, okupazio eta proiektu berriak bilatzeko etengabeko beharra izan baitzuen. Hori bere musikan islatu zen.

Nahiz eta bederatzi seme izan, horietako batzuk Euskadin, bere bizitza nahiko ezezaguna da Laudion. Zer dela eta?

Martínez Villar bi aldiz ezkondu zen. Lehenengo ezkontza Engracia Pérez Muzquiz deituriko emakume nafar batekin izan zen, eta Bilbon jaio ziren lau seme-alaba izan zituen, baina haietatik baten berri daukagu soilik: Bere aitaren pausuak jarraiki, Mexikora eta AEBra joan zen semea ere. Amaren heriotza goiztiarra eta gero, beste hiru seme-alabez ez dakigu ezer. Nahiko bitxia eta arraroa da hori. Bigarren ezkontzatik, Basilisa Riva Pellón kantabriarrarekin, beste bost seme-alaba izan zituen, eta denak hazi ziren amerikar kontinentean.

Haien ondorengoak han egonkortuta jarraitu dute, haien sorterritik urrun eta gure ingurunearekiko kontaktu gutxirekin. Horregatik, eta Laudion familia kolateralik ez zelako geratu, bere oroitzapena disolbatuz joan zen eta guretzat erabat ezezaguna izan da Martinez orain arte. Kontuan hartu behar da duela ia 150 urte jaio zela eta denbora gutxi eman zuela bere jaioterrian, nahiz eta berak ez zuen inoiz bere sorterria ahaztu.

 

"Mexikoko Iraultzak iparraldera mugitzera bultzatu zuen, AEBra"

 

Nolakoak izan dira biografiaren dokumentazio eta idazketa faseak?

Dokumentazio eta idazketa faseek urte eta erdiko iraupena izan dute, gutxi gora behera, eta informazio iturri asko bilatu ditugu. Horien artean daude artxibo publikoak eta pribatuak; baita Laudioko udal artxiboa, eta musikariaren familiaren dokumentuak. Senideek era aktiboan kolaboratu dute nirekin, eta eskerrak eman nahi dizkiet. Oso baliagarriak izan dira ere liburutegi digitalen ekarpenak eta Euskadi barrutiko edo kanpoko hemerotekenak, haien prentsa historikoari esker Martinezen jarduera profesionalaren parte handi bat osatu ahal izan dugulako; ez bakarrik hemen, bere Mexikoko eta AEBko garaiak kontatzeko ere baliagarriak izan dira.

Liburua bost kapitulutan banatzen da eta Martinezen bizitzaren etapa guztiak hartzen ditu. Argitaratu gabeko irudi batzuk ere agertzen dira, eta orain arte ezaguna dugun obra eta erabilitako iturri bibliografiko guztiak ere, dagozkien oharrekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide