Arabako Lurraldeko Euskal Pilota “El Corte Inglés” Txapelketako finalak jokatuko dira bihar Aretako frontoian.
Hiru norgehiagoka egongo dira guztira. “Finaletara heldutako 6 bikoteak Gasteizko Adurtza Pilota eskolakoak dira eta txapelketa osoan haien nagusitasuna azaldu dute”, azaldu dute Herriaren taldeko kideek.
Nabarmendu dutenez, Larruzko Palako 2. mailan Aretako taldeko kideak aritu dira. “Finalerdietan kanporatuak izan ziren Adurtzako bikote batengatik, finala etxean jokatzeko aukera galduz”.
Hala ere, finalera gerturatzeko gonbita luzatu dute Herriareneko kideek, euskal pilotaz gozatzeko “hitzordu garrantzitsua” dela argudiatuta.
