aiaraldea.eus

[IRITZIA] Eskaileran gora

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua González   Iritzia  Laudio
[IRITZIA] Eskaileran gora
Argazkia: Pixabay | Ikusi handiago | Argazki originala

Eskaileran gora doaz: maila bat, beste maila bat eta, borondate nahikoa izanez gero, hurrengo mailara ere pausua emateko saiakera gauzatzen dute. Ez da makala ia amaierarik gabeko aldapa horrek exijitzen dien esfortzu fisiko zein psikologikoa. Nahi dutelako, zenbaitetan, eta behartuta daudelako, gehienetan, gurean asko dira, gogo handiago edo txikiagoarekin, goranzko bideari ekiten diotenak. Askok amore eman eta eskaileran jauzika jarraitzeari uko egin bitartean, beste zenbaitek, gutxika-gutxika bada ere, gorengo mailetara heltzea lortzen dute. Hala ere, erdibidean, badira lortu duten mailan eroso sentitzen direnak eta, ondorioz, dauden horretan esertzea eta betirako atseden hartzea erabakitzen dutenak ere. Euren iritziz nahikoa eta gehiago ahalegindu dira. Bejondeiela!

Eskailera bera eta horren maila bakoitza ondo definitu behar omen dira pausu okerrik ez emateko eta bertan daudenak fundamentuz sailkatuta egoteko. Igotzen hasteko hautua borondatez egiten dutenen kasuan, esaerak dioen bezala (lizentzia onartuko didazuelakoan): "Gogoko tokian eskailerarik ez". Igoera behartuta hasten dutenengan arreta jartzea dugu ezinbesteko. Hain zuzen, euskararen eskailera nahitaez ibili behar izatearen eraginez, horiek izaten baitira hizkuntzari bizkarra azkarren ematen diotenak. Eskailera txatxua. Ezer normalizatzeko bidea ote?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa