Oholtzara igoko da Okher rap abeslaria, estreinako aldiz

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 20a, 18:51
Oier Velez da Okher rap abeslaria. / Aiaraldea.eus

Oier Velez Okher raperoak azaroaren 30ean eskainiko du bere lehen kontzertua Laudioko Sorgin tabernan. Banda sortu berriarekin batera arituko da oholtzan, bere diskoko abestien birmoldaketak plazaratuta.

“Proiektu honekin hasteko indarrak nire amaren heriotzak eman zizkidan”. Okher da Oier Velezen (Laudio, 30 urte) alter ego musikala; “Okher Oierren alderik sentikorrena da”.

Velezek Okher erabiltzen du bere ideia eta bizipenak kontatu ahal izateko, bere burua “nahiko pertsona hotza” balitz bezala deskribatzen baitu. Bere sentimenduak kontatzea kostatzen zitzaiola dio.

Velez duela hamar urte hasi zen musika egiten, punka, rocka, metala eta, orokorrean, “nahiko gogorra” den hori sortzen zuen hasieran: “Oso txikitatik edan dudana izan da”.

Musika egin aurretik, urriaren hasieran argitaratutako dokumental batean adierazten duenez, “kreatibitate handiko umea” izan zen. “Haurra nintzenean marrazkiak egiten nituen. 13 urterekin graffitiak egiten hasi nintzen, eta graffitiek musikara eramana ninduten”.

Gainera, ohikoa baino askoz ere azkarrago hazi behar izan zela aitortzen du ere raperoak: “Bizitzak ostia asko eman dizkit, eta oso txikitatik heldua izatea tokatu zitzaidan”.

Hainbat musika taldetan izana da hamarkada honetan zehar; azkena 'Gorrotoz Hasiak': “Baina disolbatu zen”. Aldaketa horrek, letrak ez ezik, musika erritmoak ere bere kabuz nola ekoiztu ikastera eraman zuen, “musika ekoizterako orduan buruaskia izateko”.

Aurten argitaratu du bere bakarkako lehen diskoa, hamaika abestiz osatua. Hainbat kolaborazio daude disko barruan, baita “Indonesiako, Alikanteko edo Murtziako ekoizleen partaidetza” ere.

Diskoak, nola ez, Velezen ideia eta bizipen pertsonalek osaturiko abestiak ditu. Titulua zein ote? "Okher". Etorkizunari begira, musika egiten jarraitzea espero duela dio: “Musika da bizitza ematen didana”.

Hala ere, jada argitaratutako kantak birmoldatzen ari dela aurreratu du abeslariak, duela gutxi osatu duen banda berriarekin batera, “musika zuzenekoan defendatu ahal izateko”.

Aldaketa horien bidez, estilo “mugituagoa eta kañeroagoa” bilatzen du Velezek, taldearen eta bere identitate propioarekin bat eginez: “Hobeto funtzionatuko duela uste dut; gainera, ni dezente gehiago betetzen nau”.

Lehenengo kontzertua
Javi Palacios baxu-jolea, Alain Diez bateria-jolea, Gorka Fernandez gitarra-jolea,eta Oscar Macia "DJ Hosky" dira bere banda sortu berriko kideak. Haiek guztiek emango dute, Velezekin (Okherrekin) batera, azaroaren 30ean Laudioko Sorgin tabernan kontzertua 23:00etatik aurrera, taldearen ibilbideko lehena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide