Laudioko Udalak prentsaurrekoa egin du gaur adierazteko oposizioari eta sindikatuei jakinarazi diela 25 lanpostuko lan-eskaintza publikoa egin nahi duela 2020an.
Oraindik udal langile ordezkariekin eta gainerako taldeekin negoziatu behar badute ere, gobernu taldearen asmoa da hurrengo plazak betetzeko prozesua abiatzea:
- 5 administrari
- 4 teknikari
- 2 zerbitzu arduradun
- 5 peoi espezialista
- 3 ofizial udal brigadan
- 4 langile laguntzaile
- 2 udaltzain
Horrekin udal langileen behin-behineko kontratu kopurua %30era murriztu nahi dute, %47koa baita orain. Hori bai, interesdunek ezingo dute izena eman plaza guztietan, batzuk barne sustapenerakoak baitira. Urtarrilean argitaratuko dute deialdia.
Alkateak azaldu du hurrengo urteetan ere horrelako deialdiak egitea dela udal gobernu taldearen helburua, 1983an plaza eskuratu zuten langile publiko ugarik hartuko baitute erretiroa laster. Ander Añibarro alkateak azpimarratu du udal zerbitzu egokiak izateko, ezinbestekoa dela enplegua egonkortzea.