“Une honetan grabatzen gabiltzan diskoko zenbait kantu taularatuko ditugu Faktorian”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 15a, 13:55
Hiruko formatuan arituko da Aguxtin Alkhat. / Alain Cazenave

Kontzertua eskainiko du AGUXTIN ALKHAT (Baiona, 1982) musikariak Faktorian bihar, larunbata, 20:00etan. Bere bi diskoetako abestiak taularatuko ditu, une honetan grabatzen dagoen lan berriko zenbait kanturekin batera.

Hirukotean arituko zara larunbatean. Zure diskoekiko ezberdina izango da zuzenekoa?

Bai. Argitaratu ditudan diskoak taldearekin grabatu ditut. Orain hirukote gisa galbiltza akustikoan. Taldeak jarraitzen du, baina Faktorian hirukotea izango gara. Gauzak hala, nire diskoetako kanten bertsio akustikoak entzun ahalko dira.

Disko berria ere prestatzen gabiltza, 2020an aterako dena. Lan horretako kantu berri batzuk ere eskainiko dizkizuegu. Hertzainak taldearen edota Ruper Ordorikaren bertsioren bat edo beste ere joko dugu.

Zer aurreratu dezakezu lan berri horretatik?

Hiru kantu taldean grabatu ditugu, Beran, Iñigo Irazokiren estudioan. Beste kantuak akustikoagoak izango dira. Diskoa, beraz, akustikoagoa izango da aurreko lanekin alderatuta.

Azkenaldian asko aritu gara akustikoan jotzen, formatu txikiagoan. Ez dakit hori den kantuak akustikoan grabatu nahi izatearen arrazoia, baina horrelako kantu gehiago egongo dira disko berrian. Hurrengoa elektrikoagoa izango da agian.

Zeren arabera erabakitzen duzu kantu bat akustikoan edo formatu elektrikoagoan egitea?

Bi formatuak maite ditut, baina erosoagoa sentitzen naiz talde osoarekin, erritmo azkarragoan jotzen. Indar eta tentsio gehiago ematen du.

Dena den, mota askotako oholtzak daude. Talde formatua agertoki handietarako erabiltzen dugu. Formatu akustikoa, aldiz, espazio txikietan baliatzen dugu, intimoagoetan.

Batzuetan rockak ez du espazio nahikorik horren toki txikietan, eta akustikoa baliatzen dugu apur bat jolasteko. Formatu horretan ere asko gozatzen dut, baina kantu zerrenda ezberdina da batean eta bestean.

Letrei garrantzi handia ematen diezu. Letrei edo musikari, zeri erreparatu behar dio entzuleak gehiago zure kontzertuetan?

Hitzei garrantzia ematen saiatzen naiz, baina melodiek ere balio dute jendea hunkitzeko. Nirekin doazen musikariak ere maila altukoak dira eta hori nabaritzen da. Bateria-jotzailea Kalakan aritu zen, eta gitarrista ere sekulakoa da. Pena mereziko du entzuteak.

Larunbateko kontzertuaren ostean, baduzue bestelako zitarik?

Igandean Larrabetzuko gaztetxean arituko gara.  Hurrengo astean (hilaren 25ean, 26an eta 27an) estudioan sartuko gara berriro, aipatutako kanta akustikoak grabatzeko.

Joanes Buff-ekin grabatuko dugu, Felix Buffen (nire aurreko bateria-jotzailearen) anaia. Joseba Irazokik eta beste hainbat musikarik grabatu dute berarekin. Diskoa argitaratu beharko dugu gero, horretan gabiltza urteko azken hilabeteetan. Urtarrila edo otsailean argitaratu nahiko genuke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide