Omnia alderdiak Laudioko ludotekaren aldi baterako itxiera eta behin-behineko beste kokaleku baten falta leporatu dio udal gobernuari, Kultur Etxeko obrek iraun bitartean. Oposizioko alderdiak EAJ kritikatu du ludotekak eskainitako zerbitzua alkatetzarentzat “lehentasuna ez delako”. Konponbide gisa, Frontoiko Etxea edo “Etxe nagusiko aretoren bat” erabiltzea proposatu du Omniak, ludotekaren behin-behineko kokaleku moduan.
Talde politikoak azaldutakoaren arabera, “hasiera batean, ludoteka zegoen tokian mantentzeko asmoa zegoen, baina, arriskuak saihesteko, ixtea erabaki da”. Hala ere, azken asteetan, eguraldi txarraren ondorioz, esparru berri baten beharra nabarmendu du alderdiak: “Eguraldi txarra dela eta, ohiko erabiltzaileek haien seme-alabak ludotekara eramatean, zerbitzurik gabe topatu dute”.
EAJren jarrera politikoa kritikatu du Omniak beste behin ere: “Legealdii honetan, udala eta tokiko gaiak zeinen ondo kudeatzen ari denaren inguruan harropuzten den Gobernu Talde bat dugu; baina fatxada mediatikoa besterik ez da hori, akatsak eta efikazia falta ezkutatzen dituena”.
Udalaren erantzuna
Udal gobernutik, bestalde, ludoteka umeentzako esparrua izanik, beste edonon kokatzea “zaila” dela argitu dute: “Baldintza espezifiko batzuk eman beharko lirateke, eta momentuz ez daude”. Omniak proposatutako esparruak hasieratik errefusatu dituzte alkatetzatik, “ikastaro batzuk erraz aldatu ahal dira kokapenez; umeekin ezinezkoa da, haien segurtasunagatik”. Hala ere, arazoa konpontzeko “irtenbide egingarri bat” bilatzen ari direla jakinarazi dute udal gobernuko kideek.
Kontuan hartu beharra dago ludotekaren esparrua “urtebeterako” egongo dela itxita. Hala adierazi du Udaleko prentsa zerbitzuak. Etorkizunari begira, ludotekaren “tokian” eta “zerbitzuan” aldaketak egongo direla aurreikusi du gobernu taldeak. Amaitzeko, Omniaren jarrera “oportunista” kritikatu eta “arazoak ez dauden tokietan” bilatzeari uzteko eskatu dute.