Aitortza bikoitza Julian Martinez Villar musikariarentzat

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 20a, 09:00

Omenaldi bikoitza egin zioten Julian Martinez Villarri asteburuan Laudioko Lamuza parkeko kasinoan. Ostiralean Egoitz Bernaolak musikariari buruz idaztitako biografia aurkeztu zuen. Larunbatean, aldiz, Martinez Villarren abestiez osatutako diskoa plazaratu zuten Ariadna Martinez sopranoak eta Antonio Oyarzabal pianistak.

Ikusmin handia sortu zuten bi ekitaldiek. Martinez Villaren oinordekoak ere bertaratu ziren, Estatu Batuetatik.

Laudion jaio zen Martinez Villar 1870ean, eta aita danbolin jotzailea zuen. Umea zela aitaren musikarekiko grina handiak, hain zuzen ere, familiak gaztearen “musikaren afizio eta gaitasun ona hasieratik babestea” eragin zuen, Egoitz Bernaolaren esanetan. Gainera, bere ikerketek iradokitzen duenaren arabera, aitaren estilo musikalak “kantu euskaldunekiko interesa bultzatu zion” Martinez Villarri.

“Zoritxarrez”, bere musika hezkuntzaren beste datu askorik ez da kontserbatu, baina ziurra da gaztea zela Martinezek Laudio utzi eta bere musika trebakuntza Bilboko maisu batekin jarraitu zuela. Bilbon eman zituen ere bere lehenengo urrats profesionalak: 22 urterekin pieza originalak argitaratu zituen jada. Hala ere, Julian Martinezen historiaren interes handiena Amerikan izan zuen ibilbidea da. 1905. urtean, Mexiko Hiriko Antzerki Nagusia zuzentzeko aukera heldu zitzaion.

Garaian, musikaria Bilboko Udalaren agindupean zegoen irakasle titular gisa eta, Mexikora joan ahal izateko, behin-behineko baimena eskatu behar izan zion udalari. Ez zen inoiz bueltatu. Bederatzi urte eman zituen Mexikon lanean, baina, 1914ean, iraultza tartean zela, iparraldera mugitzera behartuta ikusi zuen bere burua.

Beraz, Martinez Villar eta garaiko bere familia osoa AEBetara mugitu ziren, Texaseko estatura. “Laredoko hirian jarraitu zuen bere karrerarekin hasieran; ondoren San Antoniora mugitu zen, hil arte geratu zen bertan”, zehaztu du Bernaolak.

Bizitoki aldaketek, noski, “okupazio eta proiektu berriak bilatzeko etengabeko beharrak” sortu zizkioten piano-joleari. Horrek genero aniztasun handia eman zion bere musikari: pianorako musika originalak eta konponketak sortu zituen, solfeo obra teoriko bat sortu zuen, txistulari banderetako zortzikoak,eta zarzuela bezalako genero eszenikoetarako lanak ere egin zituen.
Aipatu bezala, bizitza pertsonal xelebrea izan zuen Martinezek: bederatzi seme-alaba izan zituen bere bizitza osoan, bi emakumerekin. Lehenengo emaztea Engracia Perez Muzquiz nafarra izan zen eta berarekin lau seme-alaba izan zituen. Baina, Perezen heriotza goiztiarra medio, bikotearen lau ondorengoen pausuak jarraitzea ezinezkoa izan da Bernaolarentzat. Laugarren semeak, aldiz, aitaren pausuak jarraiki, Mexikon eta AEBn eman zuen bizitza.

Bigarren emaztea, berriz, Basilira Riva Pellon kantabriarra izan zen, eta berarekin izandako bost seme-alabak Amerikan hazi eta hezi ziren. Geroztik, Bernaolak aipatu bezala, laudioarraren ondorengoek “Texasen egonkortuta jarraitu dute, haien sorterritik urrun eta gure inguruarekin harreman gutxirekin”.

Bere karrera profesionala behatuta, zaila dirudi Martinez Villar Laudio bezalako herri batean ezezaguna izatea, baina hala da. Erabat. Erraza da pentsatzea arrazoi nagusia bueltarik gabeko bidaia izan zela. “Horregatik, eta Laudion familia kolateralik ez zelako geratu, bere oroitzapena disolbatzen joan zen eta guretzat erabat ezezaguna izan da Martinez. Kontuan hartu behar da ere Villar duela 150 urte jaio zela eta denbora gutxi eman zuela bere sorterrian”, azaldu du biografiaren egileak.

Hamarkadak igaro dira Laudiok musikariaren inguruko oroitzapenik izan gabe, baina “Julian Martinez Villarrek ez zuen inoiz bere sorterria ahaztu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide