Juan Ibarrola: 36.000 soldadu errepublikar bere agindura izan zituen laudioarra

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 21a, 16:00

Juan Ibarrolaren argazki bat. / Jose Antonio Urgoitiaren artxiboa

Abenduaren 20an aurkeztuko dute Laudio Memoria elkarteak eta San Roke Kofradiak Juan Ibarrola militar laudioarrari buruzko liburua. Gerra zibila hasieratik azken unera arte bizi izan zuen lubaki errepublikarretan. 500 orrialdeko lana osatu dute. Hala ere, nabarmendu dutenez, gehiago sakondu ahalko litzateke laudioarraren bizitzan.

“Laudiok bere herritarrak erabat ahazteko gaitasun ikaragarria dauka”. Hala aipatzen du Jose Luis Navarro Laudio Memoria elkarteko eta San Roke Kofradiako kideak. Juan Ibarrola militarra horren eredu argia da. Mundu osoan ezagunak dira Gerra Zibilean baliatu zituen estrategiak.

Adibidez, El  Mazucon (Kantabrian) 5.000 borrokalarirekin gelditu zuen frankisten erasoaldia, nahiz eta 35.000 soldaduko armadari aurre egin. Trebezia horrek eman zion ospea Ibarrolari. Berez, West Point edo Sandhust akademia militarretan bere maniobrak ikertzen eta irakasten dituzte. Alde komunistan ere jarraitzaileak zituen Ibarrolak. Rodion Marinovskik Sobietar Batasuneko Hegoaldeko Frontea zuzendu zuen II. Mundu Gerran eta, bere iritziz, Errepublikako militarrik onena zen laudioarra.



Laudion jaio, Afrikan trebatu
1900. urtean jaio zen Juan Ibarrola Laudion. Bilbotik igaro ostean, Toledoko Akademia Militarrean ikasi zuen. Afrikako Gerran, hau da, Marokon, hartu zuen esperientzia beliko latza eta, antza, ikusitakoa ez zuen batere gogoko izan. “Armada utzi eta Guardia Zibilean sartu zen. Afrikan etsitu zen, ofizialen karreren mesederako egiten baitzen gerra”, adierazi du Jose Luis Navarrok.

Berez, Guardia Zibileko ofiziala zen Ibarrola altxamendu frankista hasi zenean, eta Errepublikarekin lerrokatu zen hasieratik azken batailara arte. Euskadiko armadak 5 dibisio zituen eta berak gidatu zuen horietako bat.

Fronte odoltsuak
Erabaki horrek penintsulako iparraldeko fronte gogorrenetan parte hartzera eraman zuen: Euskal Herrikoa, Kantabriakoa eta Asturiasekoa, esaterako. Guztietan izan ziren erabakigarriak bere indarrak frontea mantentzeko.

Mirariz, itsasontziz ihes egin zion frankisten itsas armadari, nazioarteko urak profitatuta. Estatu Frantsesera heldu bezain laster Errepublikako Gobernuarekin jarri zen harremanetan  eta ardura militar garrantzitsuak hartu zituen berriro. Postu horretan talkarako tropak zuzendu zituen; milizia komunistak eta anarkistak, hain zuzen ere. Une horietan erakunde marxisten eta libertarioen arteko harremanak ezin okerragoak ziren eta, hala ere, Juan Ibarrolak (kristau sutsua) lortu zuen indar bien mugimenduak guda zelaian arazo gabe koordinatzea. Ibarrolaren soldaduek Teruel hartzea lortu zuten, eta Alicanteko frontea babestu zuten denbora luzez. Mediterraneo aldean 36.000 borrokalari izan zituen bere agindura laudioarrak eta 1938ko abenduan erasoaldia lideratu zuen eta indar frankistek atzera egitea lortu zuen.

1939an, Errepublikak amore eman zuenean, goi mailako politikarien eta militarren ebakuazioa prestatu zuten. Juan Ibarrolak uko egin zion bere tropak uzteari. Teniente koronelak bere soldaduekin geratzea eta euren patua partekatzea erabaki zuen.

Heriotza zigorra
Faxismoak ez zuen gupida berezirik erakutsi laudioarrarekiko. Kontzentrazio eremuak ezagutu zituen eta epaileek heriotza zigorra ezarri zioten. Laudion eta Bilbon epaiaren aurka protesta egin zuten hainbat frankistek. Izan ere, Ibarrolak errepresioa euren aurka jotzea ekidin zuen, gerraren krudeltasuna arindu nahian.

Presioaren ondorioz, 30 urteko kartzela zigorra egokitu zitzaion. Gero, nazioarteko egoeraren eraginez (II. Mundu Gerra), zigorra gehiago murriztu zioten. Azkenik, urte batzuen buruan kalera atera zen eta Laudiora jo zuen. Milaka gizonen bizitzak bere esku izan eta gero, Ibarrolak ahal izan zuen moduan egin zuen aurrera, denda txiki bat irekita. 1976an hil zen, eta gaur arte ia inork ez du bere izena berriro aipatu, harik eta Laudio Memoria agertu den arte.Elkartearen helburua da Gerra Zibilaren eta Errepresio Frankistaren datuak biltzea eta gizarteratzea. Jadanik hainbat ekimen gauzatu dute eta oroimenaren aldeko lan horrek eraman ditu Juan Ibarrolari buruzko liburua prestatzera, San Roke Kofradiaren babesarekin.

“Bere memoriak disko batean agertu ziren. Kaligrafia oso zaila zen ulertzeko eta, gainera, orrialdeak desordenatuak zeuden. Ikertzaile ugarik baztertu zuten lantzea, baina guk gogoz hartu genuen” azaldu du Jose Luis Navarrok.

Gauzak horrela, Angel Larreak, Jon Muñozek, Kepa Barañanok, Andoni Larreak eta Navarrok berak ekin zioten memoriak aztertu, transkribatu eta idazteari. Jende ugariren laguntza izan dute bide horretan, Jose Mari Castillorena, besteak beste.

Dena den, Ibarrolaren autobiografia liburuaren zati bat besterik ez da: “berak ez zion garrantzi berezirik ematen egiten zuenari. Gertakari inportanteak lerro urrirekin deskribatzen ditu. Horregatik, artxibategi-militarretara eta historialariengana jo dugu, testuingurua azaltzeko. Askotan beste fronte batzuetan, esparru politikoan edo nazioartean gertatzen zena ezinbestekoa zen  gerran jazotzen ari zena ulertzeko”.

Guztira, 500 orrialdeko liburua osatu dute, eta euren ustez, oraindik gehiago sakontzeko tartea geratu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide