Omniak 795.000 eurotan baloratutako aldaketak proposatu ditu Laudioko Udal Gobernuak erakutsitako 2020ko aurrekontuen zirriborroarekiko. Oposizioko talde politikoak ohar batean azaldu duenez, proposamen berri horien bitartez “gastuak” eta “aurrezki eta diru-sarrera” berriak lortzeko bideak aurkezten dira.
Aipatutako neurrien artean, “lanbide eta ekintzailetzaren promoziorako” 100.000 euroko diru-partida bideratzea eskatu du Omniak. Arlo sozialean “zaharkitze plan aktibo bat bultzatzea, jubilatuen klubean erreformak egitea eta zine baterako kokalekua bilatzea” nahi du taldeak; baita Virgen del Carmenen umeentzako parke bat sortzea ere.
Merkataritzaren arloan, Apill-i komertzio aholkularitza egitea eta tokiko ekoizle eta saltokietara bideratutako interneten bidezko merkatua sortzea eskatzen du alderdiak. Kirolari dagokionez, eskubaloi, futbol sala eta hockey pista konpontzea proposatu du Omniak, baita Gardeako frontoia teniseko jarduerara moldatzeko erreformak egitea eta “pumptruck” zonalde bat sortzea ere. Gainera, Latiorron bigarren kiroldegi bat sortzeko ideia luzatu dute, San Martinen alboan.
Bestalde, Laudioko udalerriko aplikazio digital baten sorrera ere eskatu du taldeak, “laudioarren sarbidea errazteko”. Industriara bideratutako sareko estrategien sorrera ere bultzatu nahi ditu alderdi laudioarrak. Diru-laguntzen banaketarako “irizpide-objektiboen” aldeko apustua ere egin nahi du, “proportzionalagoak” izan daitezen. Osasunari dagokionez, eraikuntza publiko guztietatik amiantoa kentzea eskatu du Omniak, eta diru-laguntzak ematea eraikuntza pribatuetatik kentzeko.
Azkenik, neurri ugari proposatu ditu Omniak hirigintza arloan: herri osoa konektatzeko bidegorrien sorkuntzarako ikerketa bat eratzea, “kolesterolaren bidean” bankuak jartzea, iturriak eta bainugela publikoak eraikitzea, Santa Cruz zubiaren konpontzea, txakurren aisialdirako zonalde bat sortzea, Gardeagotxiko tunelen uholdeei aurre egin ahal izateko ikerketa bat egitea, Aiarako Kuadrillako egoitzaren kokapenerako exekuzio proiektu bat erredaktatzea, “ingurumena hobetzeko parte hartze prozesua” martxan jartzeko diru-partida bideratzea, Biarritz tabernaren eta tren-geltokiaren arteko zentzu bakarreko bidearen irekitzea eta diru -partida bat bideratzea hiri-antolamendurako plan orokor bat egiteko beste parte hartze prozesu batera.
Udalaren erantzuna
Udal Gobernuak, bere partetik, Omniak eta EH Bilduk proposatutako aldaketak “banan banan” ikertu dituela jakinarazi du, "horietako batzuk" behin betiko aurrekontuetan txertatzeko. Hala ere, talde politiko bakoitzarekin “pertsonalki” komentatuko dituzte neurriak, abenduko lehen astean burutuko den Ezohiko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu baino lehen.