[IRITZIA] Gorritu

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskainitako emanaldi baten argazkia.

Txikitan, parkean nahiz herriko plazan, sokasaltoan, harrapaketan edota ezkutaketan aritzen ginen aldiro, lagunen batekin edo gure kabuz, estropezu egin, lurrera erori, prakak urratu eta belaunburuak gorritzen zitzaizkigun. Geroxeago, eskola urteetan, etxerako lanak egitea ahaztu eta maisu-maistrek botatako errietaren edo agendan apuntatzen ziguten notatxoaren ondorioz, etxera heltzean, lotsaren erruz aurpegia gorri-gorri genuela, gurasoen sermoia entzun behar izaten genuen. Nerabezaroan, aldiz, institutu garaian, gogoko genuen klasekideak hitz edo keinuren bat zuzentzeak masailak gorritzea eragiten zigun. Orain, gaztetan, koadrilakoekin igarotzen ditugun ostegun, ostiral zein larunbat gauetan, neguko hotzaren eraginez, kaña edo kalimotxoa eusten duen eskua gorrituta edukitzen dugu.

Halere, azken egunotan, haur, nerabe eta gazteoi (heldu eta adinekoei ere, noski), inoiz baino gehiago, sudurra izan da gorritu zaiguna. Zango trabatu nahi izan gaituzte, baina ez gara erori; errieta bota digute, baina ez dugu sermoirik onartu; mespretxuz blaitutako hitz eta keinuak zuzendu dizkigute, baina horiei ez diegu kasurik egin; eta betetzeke ditugun promesen alde topa egiteko debekua helarazi badigute ere, ez dugu edalontzia askatu. Guk guztiok, erantzun gisa, dantzan bizi nahi dugula esan eta jada gorrituta genuen sudurra pintura gorriagoarekin margotu dugu. Joxe Mari, Aiora eta Mertxe: eskerrik asko eta, arren, ez ahaztu ilargiraino eta buelta maite zaituztegula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide