“Antzekotasun handiak daude Euskal Herriko eta Errumaniako gastronomien artean, biak uztartzen ditugu jatetxean”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 26a, 07:30
Aizkora jatetxea ireki du Jon Atxak Errumanian.

Aizkora jatetxea kudeatzen du JON ATXAk (Laudio,1993) Errumanian, Bukaresten. Euskal Herriko eta bertako gastronomiak uztartzen dituzte.

Jatetxe bat ireki duzu Errumanian. Nola amaitu duzu bertan?

Maitasuna medio iritsi nintzen Errumaniara, egia esan, bestela ez nintzateke hemen egongo. Ibizan ezagutu nuen nire bikotekidea, lanean.

Denboraldia amaitu zenean etorri ginen, herrialdea ezagutzeko. Berak 15 urte eman ditu Espainian bizitzen eta ez zuen Errumania ezagutzen. Bertan hilabete batzuk igaro ostean erabaki genuen proiektua abiatzea.

Ez zen erraza izango negozioa abiatzea.

Toki guztietan da zaila jatetxe bat zerotik abiatzea eta negozio berri bat irekitzea. Errumania une oparo bat bizitzen ari da. Kalitatezko jatetxeak sortzen hasi dira, duela urte batzuk ez zeudenak.

Nola definituko zenuke eskaintzen duzuen gastronomia mota?

Egile sukaldaritza dela esan daiteke. Espainiako eta Euskal Herriko teknikak eta Errumaniako produktuak uztartzen ditugu jatetxean. Hala ere, produktu berezi batzuk Espainiatik ekartzen ditugu: olioak, ardoak...

Zer antzekotasun eta ezberdintasun dituzte Euskal Herriko eta Errumaniako gastronomiek?

Antzekotasun handiak dituzte, egia esan. Hala ere, hemen arraina ez da Euskal Herrian bezainbeste baloratzen, ez delako oso kalitate onekoa. Gisatuak, barbakoak eta zopak jaten dira hemen batez ere.

Euskal Herriaren eta Errumaniaren artean, badago antzekotasunik?

Laudio eta Errumania... ni une honetan Bukaresten bizi naiz. Hiriburua da, eta ezberdintasunak ez dira horrenbeste nabaritzen. Errumaniaren esentzia iparralderago dago, herri txikiagoak, mendiak... Laudioko inguruen antz handia dute.

Zerk harritu zaitu gehien Errumaniatik?

Gehien harritu nauena da hemen jendea estres gehiagorekin bizi dela. Euskal Herriko jendea lagunkoiagoa iruditzen zait, egia esan.

Baduzu etorkizunean Laudiora itzultzeko asmorik?

Errumanian urte batzuetan bizitzea ondo egongo dela uste dut. Baina ez du nire burua bizitza osoa hemen igarotzen ikusten. Azken finean, nire etxea Laudion dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide