aiaraldea.eus

Azaroaren 29an, 30ean eta abenduaren 1ean egingo da KOT markaren merkatua

Erabiltzailearen aurpegia Grafik   Jendartea  Laudio

Aiaraldean zein Euskal Herrian aski ezaguna bihurtu da Kot arropa marka. Eskualdean jende andanak darama marka horretako mendi-siluetadun kamiseta eta izerditakoak. Azaroaren 29tik abenduaren 1era egingo dute merkatua, Telleria kalean duten egoitzan. Azken urteetako bildumak prezio murriztuan erosteko aukera egongo da bertan.

Azaroaren 29an, 30ean eta abenduaren 1ean egingo da KOT markaren merkatua
Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren pabilioian egin zen azoka iaz. Aurten, Telleria kalean duten bulegoetan egingo dute azoka. / Grafik | Ikusi handiago | Argazki originala

Aiaraldean ekoitzitako produktu ospetsuenetako bat da Kot arropa marka. 1997. urtean sortu zuten Laudioko Landaluze kalean serigrafia tailer txiki bat zuten gazte batzuek, gerora Grafik kooperatiba  sortuko zutenak. “Garai hartan gure herriari erreferentzia egiten zioten marka ugari sortu ziren”, oroitu dute, “eztanda txiki bat jazo  zen arropan, globalizazioa oraindik ez zelako toki guztietara iritsi eta Katalunian ehungintza industria handia zegoelako”.

Kirol arropa eta jantzi informalak uztartzea. Hori izan zen markaren sortzaileen helburua. “Gure lurraren ikurrak kalitatezko produktuekin lotzea bilatu genuen, ohiko souvenirretatik aldenduz”.
Gauzak hala, kotoia baliatzea erabaki zuten. “Hortik dator markaren izena.  Euskal Herriko zuhaitzen hostoetan oinarritu genuen lehen bilduma. Bigarrenak, aldiz, fauna izan zuen hizpide”. Nabarmendu dutenez, artisautza izan zuten oinarri lehen urteetan. “Marrazkiak eskuz eginak ziren, oraindik ez genuen ordenagailurik erabiltzen”.

Urteak aurrera joan ahala, KOT marka Euskal Herri osotik zabaltzea lortu zuten Grafik-eko kideek. “1999. urtean egin genuen mendietan oinarritutako lehen bilduma. Hori bihurtu da markaren identifikazio ikurra”.

Tokiko merkataritza oinarri
Kot  markaren egileek nabarmendu dute beti egin dutela tokiko merkataritza txikiaren aldeko apustua. “Gaur egun kalitate altuko kotoi organikoa erabiltzen dugu, eta jantziaren ekoizpenak berme etiko guztiak betetzen dituela ziurtatzen dugu. Marka bakarreko multinazionalen eta online bidezko salmentaren aurrean, guk uste dugu arroparekin kontaktu zuzena izatea dela erosteko modurik onena”. Horretarako antolatzen dute urteroko merkatua, besteak beste.

Merkatua
2006. urtean antolatu zuten Kot merkatua lehen aldiz. Ordutik hona urtero burutu da. “Iaz Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren pabilioian egin zen, hiru eguneko festa handia gauzatuz”, azaldu dute antolatzaileek. Aurten, aldiz, Telleria kaleko 2. zenbakian dituzten bulegoetan egingo dute merkatua, Faktoria obretan dagoelako. “Goiko solairua  atonduko dugu, espazio zabal eta erosoagoak egon daitezen erosleentzat”, aurreratu dute Grafik-eko kideek. “Datorren urtean berriz Faktorian antolatu ahal izatea espero dugu”.

Azaroaren 29tik (ostirala) abenduaren 1era (igandea) egongo da azoka zabalik. Lehen egunean 16:00etatik 20:00etara irekiko dute, bigarrenean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta hirugarrenean 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, Aiaraldean, Laudioko Olympus Kirolak eta Amurrioko Hit Sport dendetan eskuratu daitezke markaren azken nobedadeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa