Laudioko Gaztetxea desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 27a, 17:24

Lamuza parkean dago Laudioko Gaztetxea. / Aiaraldea.eus

Agerraldia egingo dute abenduaren 4an gaztetxearen aurrean, 18:30ean. Udalak, bere aldetik, "alternatibak bilatzen" ari dela nabarmendu du egoerari soluzioa emateko.

Laudioko Gazte Asanbladak oharra plazaratu du gaztetxea desalojo arriskuan dagoela salatzeko. Azaldu dutenez, Kultura Etxeko obrak direla eta, udalak urtarrilaren 7ra arte eman die espazioa husteko epea.

Gainera, ez diete beste espazio alternatiborik eskaini eta ez diete bertara itzuli ahalko direnik bermatu, oharrean azaldutakoaren arabera: “Lehenengo obra honetan urtebetez Kultur etxeko teilatuak eta beirateak aldatzen arituko omen dira. Denbora tarte horretan, Gaztetxea desalojatzeko agindua eman digute, eta gainera, udalak, egindako bileran argi utzi zigun ez digula bermatuko bertara berriz bueltatuko garenik. Are gehiago, obrek iraungo duten tarte horretarako ere ez digute ezer eskaintzen, 18 urte eta gero, egun batetik bestera kalean utziko gaituzte”.

Nabarmendu dutenez, honakoa ez da herriko eragile batek udalaren partetik jasotzen duen lehen erasoa. Laudioko Txosnaguneak abuztuan salatutakoa ekarri dute gogora.

Laudioko okupazio mugimenduaren “historia luzea” ere jarri dute balorean Gazte Asanbladako kideek. “Urkijoko Markesen kapera zaharra Laudioko Gaztetxea izan da azkeneko 18 urte hauetan. Hasiera batean, okupazio mugimenduaren eskaerei erantzunez udalak kapera zaharra kontratu bidez utzi zion Gazte Asanbladari, baina kontratu hori 2005etik iraungita aurkitzen da. Laudioko Gazte Asanblada izan da denbora horretan autonomia osoz espazio horren kudeatzaile nagusia, beste eragile batzuen laguntza eta elkarlanarekin batera”.

Urte hauetan guztietan gaztetxean “komunitate politiko sendo bat” eratu dela nabarmendu dute oharrean, “belaunaldi gazte eta ez hain gazteen topaleku” bilakatu delako. “Hainbat izan dira burutako ekimen eta ekintzak gazteriaren despolitizazio egoera antolakuntza erreminten bitartez gainditzeko: hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, mintegiak... Hortaz gain, azken urteetan Laudioko Gaztetxea maila nazionaleko zenbait ekimenentzat azpiegitura garrantzitsua izan da”.

Era berean, “ofentsiba kapitalistaren” testuinguruan, gaztetxeek garrantzi handia dutela azaldu dute Gazte Asanbladako kideek.

Abenduaren 4an agerraldia
Gauzak hala, abenduaren 4an Gaztetxe aurrean agerraldia egingo dute, 18:30ean. Bertan azalduko dituzte egoeraren nondik norakoak. “Gaztetxea defendatzea eta EAJ-PSOEk osatzen duten udal autoritarioaren aurrean tinko mantentzea dagokigu, ez baitugu onartuko militantzia politikoaren aurkako inolako erasorik, ezta guk gestionatzen ditugun espazioen aurkako erasorik ere”.

Udalaren erantzuna
Udalak, bere aldetik, azaldu du Gaztetxea oso leku berezia dela, "ludoteka bezala", eta horregatik ez dela hain erraza beste leku batera eramatea.

Udal Gobernutik irtenbideak bilatzen ari direla jakinarazi dute baina, aitortu dutenez, ez da erraza. “Tailer eta ikastaro gehienentzako lekuak topatu ditugu baina Laudion udal eraikin kopuru mugatua daukagunez, ezin dugu ezinezkoa dena egin, bereziki egun batetik bestera denean. Denak bere denbora behar du”.

Era berean, tokiko erakundeak nabarmendu du Lamuza Parkeko obren afera ez dela gauza berria. “Ez dugu ulertzen nola ez zaizkien arazo hauei konponbideak eta alternatibak bilatu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide