Cosecha del 48 taldeak gaur 13:00etan eman dio bere saria Laudioar Txirrindulari Elkarteari. Kirol klubaren kideek gogora ekarri dute bere historia. Izan ere, taldea 1961ean sortu zuten eta Arabako Federazioak baino urte gehiago ditu.
Ibilbide luze horretan 682 proba antolatu dituzte kategoria ugaritan, profesionalak barne. Urte luzez Laudio Saria izan da horren ikurra, puntako kirolariak ekarri izan baitituzte. 1990eko hamarkadan txirrindularitzako izar nagusiak egon ziren herrian: Miguel Indurain, Marco Pantani, Perico Delgado edota Evgeni Berzin, besteak beste.
Edonola ere, aurretik izen oso garrantzitsuak lehiatu ziren laudioarren eskutik, Luis Ocaña edo Julio Jimenez, kasu.
Elkarteko kideak eta tokiko txirrindulariak ere ez dituzte ahaztu: Cesar Solaun, Iñaki Isasi, David Soko, Jon Unzaga eta Jose Mari Basualdo, adibidez.
Presidente edo boluntario lanetan lagundu dutenak ere oso presente egon dira ekitaldi osoan. Argazki ugari baliatu dituzte herriko eta elkarteko historia erakusteko, pasadizoekin zipriztinduta.