Okher eta Costa, raparen enfant terribleen bi aurpegi Laudion

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 2a, 11:52

Larunbatean bi hip hop kontzertu egon ziren Laudion. Oier Velez abeslariak "Okher" proiektuaren debuta egin zuen. Handik gutxira Costa rap artista Gazela diskotekaren oholtzara igo zen.

Larunbateko gauak bi hip hop kontzertu oso ezberdin ekarri zituen Laudiora. Alde batetik, Oier Velez artista laudiorrak lehenengo aldiz eskaini zuen zuzeneko emanaldia Okher gisa.

Berak bukatu eta gero, Costa abeslari madrildarrak hasi zuen bere kontzertua Gazelan. Antzeko generoak landuta, oso bestelakoak izan ziren ikuskizunak.

Okher, hardcoretik hip hopera gitarrak ahaztu gabe
Oier Velezek abesti sorta berria taularatu zuen Sorgin tabernan. Lokala gainezka zegoen eta adin anitzeko publikoak betetzen zuen. Batzutan bakarka, beste batzuetan musikarien babesarekin, laudioarrak erakutsi zuen trantsizio oso naturala gauzatu duela hardcorearen oihu bortitzetatik hip hopera.

Gitarrak, baxuak eta bateriak bere errimak babesten zituztenean ezinezkoa zen antzekotasunak ez sumatzea Habeas Corpusen urrezko aroarekin (A las cosas por su nombre diskoarekin, alegia), behintzat soinuaren aldetik.

Bandaren laguntzarekin, metal doinuek taberna betetzen zuten eta bistakoa zen musikari guztiak kalitatezkoak zirela. Okherrek letra politikoak jaurtitzen zituen mikrofonotik maiz, baina bere tatuaje eta itxura erasokorra alde batera utzita, Velezek azpimarratu nahi izan zuen bere lan pertsonala, lagun asko eta senideak ere aurrean zituela profitatuta.

Horrela, laudioarrak bukatu baino lehen azaldu zuen bere ama hil zenean osatu zuela lehenengo abestia, berari eskaintzeko, eta heriotza horrekin jaio zela Okher. Txaloen artean, abeslariak gogoratu zion jendeari Ruper Ordorikaren lelo zaharra: "zaindu maite duzun hori", baina melodia gutxiagorekin eta energia gehiago baliatuta.

Laburbiltzeko, Okherrek eta bere bandak oso kontzertu ona eskaini ez ezik, argi utzi zuten merezi duela zuzenean ikustea eta etorkizunean egingo dutena jarraitzea ere.

Costa, matxismoa eta drogak; rap "erreala"
Okherren emanaldia amaitu eta gero, Sorgin tabernako atetik 100 metro eskasera, beste hip hop kontzertua zegoen. Hala ere, ez zuten elkarren artean zerikusi handirik, generoa, gaizkile itxurak eta tatuajeak albo batera utzita.

Izan ere, Gazela diskotekak Estatu Espainiarreko rap abeslari polemikoena kontratatzea erabaki zuen. Bere abestiekin alderatuta, C Tanganarenak politikoki zuzenak dira guztiz. Erakundeek Costa madrildarraren zenbait kontzertu boikoteatu dituzte, Tangana ezezaguna zen bitartean.

Izan ere, abeslariaren lanean gai errepikakorrak dira drogen kontsumoa, narkotrafikoaren gorazarrea eta emakumeen aurkako irainak. Inolako iragazkirik ez erabiltzeak eta bere itxurak ez oso osasuntsuak "rap errealaren" eredu bilakatu dute madrildarra rap zale askorentzat.

Zer da "rap erreal" hori? Auskalo, baina argi geratu zen kontzertu osoan Costak bere pertsonaia baino burmuin eta bihotz gehiago duela. Hurbildutako zale guztiei eskerrak eman zizkien agertzeagatik (ohikoan baino nabarmen gutxiago ziren eta) eta mozkortu gabe igo zen oholtzara, 1:00ak izan arren.

Kontzertu osoan miresmen keinuak eskertu zituen, besarkada atseginak banatu zituen eta behin baino gehiagotan errepikatu zien jarraitzaileei ez joateko emanaldia bukatu ostean, eurekin egongo zela eta argazkiak egingo zituela guztiekin.

Publikoan gazteak ziren nagusi eta gehienak gizonezkoak baziren ere, emakumeak ere bazeuden. Jarraitzaile sutsuenak, berez, agertokiaren eskuinean jarritako neska batzuk izan ziren.

Kontzertua berez ez zen txarto egon, baina musikaria ez zegoen oso eroso diskotekako soinuarekin -baxuegia- eta zenbait orduz itxaron ostean (21:00etan Laudion zegoen eta une horretan jakin izan zuen gaueko ordu txikitan joko zuela), antolatzaileekin borrokatu behar izan zuen azkenengo kanta abestu ahal izateko.

Oztopoak oztopo, bere jarraitzaileek dena eman zuten eta abeslariak zalantza utzi zuen: Noraino da abestietan agertzen den pizti matxista, maskulinitate toxikoaren eredu eta noraino talentu handiko abeslaria, probokatzailea, jatorra eta Iñigo Errejonen itxura zitaleko lagun kultureta?

Are gehiago, noraino da "rap erreala" izendatzen dutena itxurakeria, suziriak eta ispilu jokoa?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide