Mikel Ayllon idazle laudioarrak kontakizun laburra plazaratuko du Alean. Aldizkariak Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta plazaratuko duen edizio berezi batean, hain zuzen. Beste sei idazle arabarrek propio sortutako kontakizun laburrak ere bilduko ditu Aleak: Iban Zalduarena, Karmele Jaiorena, Beñat Goitiarena, Elisa Euedarena, Edu Zelaietarena eta Katixa Agirrerena.
Kontakizun horien irakurraldia gaur, abenduak 3, egingo da, hamalau pertsonen eskutik. Lexuri Ugarte laudioarra egongo da tartean, Arabako Foru Aldundiako euskara eta gobernu irekiaren zuzendaria baita.
Besteak beste, Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, Oier Zeharra pilotariak, Itziar Rekalde ipuin kontalariak eta Miren Narbaiza abeslariak irakurriko dute.
Alearen zenbaki berezi hori harpidedun guztien etxeetan banatuko da, ohi bezala, baina, edizio berezia izanik, doako 15.000 ale banatuko dira Araba osoan.
Alearen zuzendariak, Aritz Martinez de Lunak, adierazi duenez, "Arabako kultur sorkuntzaren balioa azpimarratu eta kolaborazioan oinarritutako lanaren emaitzen oparotasuna irudikatzea” izan da ekimenaren helburua.