EH Bilduk Laudioko aurrekontuen kontrako bozka emango du

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 4a, 10:45

Bihar egingo dute aurrekontuak bozkatzeko Udal Osoko Bilkura. / Aiaraldea.eus

Talde independentistako kideek euren botoaren berri eman dute udal gobernuak proposatutako aurrekontuak gogor kritikatzen dituen komunikatu baten bidez.

EH Bilduk Laudioko aurrekontuen kontrako bozka emango duela esan du ohar baten bidez. Oposizioko taldeak salatu du EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuak “inbertsioak eta gastu sozialak murriztu” dituela, eta akordio horren helburu bakarrak “2020ko urtarrilaren 1ean” aurrekontuak daudela “saltzea” dela.

Bestalde, opozisioko talde politikoak egindako “zenbait proposameni” udalak ezezkoa eman diela kritikatu dute: “Nagusien parke bat estaltzeko eta umeen parke bat egiteko” diru partida errefusatzea, “nekazal bideak asfaltatzeko partida” handitu ez izana edo “kirol instalazioak mantentzeko eta hobetzeko” diru gehiago bideratu ez izana, besteak beste. Amaitzeko, “enplegu programetan udal taldeetako liberatuen soldatetan baino diru gutxiago gastatuko dutela” kritikatu du EH Bilduk.

Zifrei dagokienez, inbertsioko partidak aurreko urtean baino 450.000 euro gutxiago izango direla leporatu dio  talde independentistak udalari, aurrekontu osoaren %9,25 izatetik %7,1 izatera pasatuz.

Opozisioko taldearen arabera, udaletik “oso borondate gutxi” azaldu dute oposizioko taldeekin adostasuna bilatzeko. Santi Hernandoren arabera, hori “ohiko jarrera” izan da azken hilabeteetan zehar. Zinegotziak udal gobernuari leporatu dio “burututako egitateen politika” egitea. Talde guztien arteko akordio batera heltzeko denbora falta ere kritikatu du EH Bilduko kideak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide