Gaur hasi da Durangoko Azokaren 54. edizioa. Igandera arte luzatuko da Euskal Herriko argitaletxe eta sortzaileen topalekua. Bertan egongo da Yogurinha Borova, “Sentipenak askatu” lanarekin.
Izen bereko abestiaren bost bertsio biltzen ditu lanak. “Bertsio ezberdin horiek islatu nahi genuen aniztasunaren adierazle dira. Honela, sentimentu bakar bat azaleratzeko hamaika era ezberdin daudela adierazi nahi genuen”, azaldu du artista laudioarrak.
Bere hitzetan, “aniztasun afektiboaren gaia haurren errealitatera gerturatzea” izan dute xede, gai horri lotutako “erreferente berriak” sortzeko.
Ahotsenean gunean aurkeztuko du musikariak lan hori, larunbatean 14:30ean. Hori baino lehen
diskoak sinatzen egongo da artista laudioarra 13:00etatik 14:00etara, Gor disketxearen postuan.
Game Erauntsia
Urtzi Odriozola ere bertan egongo da, Game Erauntsiak egun osoko hitzaldi eta tailerrak egingo baititu Landako gunean.
Autobusak
Azokara gerturatzeko autobusa aterako da Amurriotik bihar, abenduak 6. 10:15ean abiatuko da Telefonica paretik. 21:00etan edo 2:30ean itzultzeko aukera eskainiko diete bidaiarei. Kultura etxean eskuratu daitezke tiketak.