Laudioko EH Bilduk prentsa oharra plazaratu du udalaren komunikabideen “erabilera alderdikoia” salatzeko eta “komunikazioaren arduradun politikoaren dimisioa” eskatzeko.
Opozisioko talde politikoak salatu du EAJren Facebookeko orrian argitaratutako aurrekontuen onarpenari buruzko albistea udalaren komunikabideetan ere plazaratu dela. Horrez gain, Zuin aldizkariaren “erabilera alderdikoia” egiten dela gaineratu du EH Bilduk. “EAJren orri informatiboa bihurtzen ari da, oposizioa eta aurreko gobernu taldea kritikatu dituzte bertan”.
Santi Hernando zinegotziak eman du gertatutakoaren berri: “EAJren Facebookeko orrialdean, aurrekontuen onarpenari buruzko berria argitaratu eta gero, berri berbera agertu da udalaren webgunean zein udalaren komunikabideetan. Kontuan izanda egun berean Laudioko udaletxeko Jokabide Kodea onartu dela, larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Hori gutxi balitz, aurrekontuak onartu diren egun berean banatu da Zuin aldizkaria, berria jasota. Noiz idatzita?”.
Mozioa hurrengo Udal Osoko Bilkuran
Horregatik guztiagatik eskatu dute arduradun politikoaren dimisioa, eta ikerketa batzordea abian jartzea ere exijitu dute, “ardura gehiago argitzeko”. Aurreratu dutenez, hori eskatzeko mozioa aurkeztuko dute hurrengo Udalbatzan, udal gobernuak ez badu lehenago neurririk hartzen.