aiaraldea.eus

[IRITZIA] Ezkutaketan

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua González   Iritzia  Laudio
[IRITZIA] Ezkutaketan
C3 Lineako tren bat. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

C3 linea da nirea. Tira, nirea eta beste hainbatena. Aurreko astean, lanera bidean, trenera bi aita-alaba igo eta parean jarri zitzaizkidan. Aitak berrogeitaka urte zituen eta alabak, berriz, hamar inguru. Nire ondoko eserlekuak ea libre zeuden galdetu ostean, bertan hartu zuten tokia. Egun sinesgaitza dirudien arren, elkarren artean hitz egiten eman zuten bidaia osoa. Inongo aparailu elektronikorik ez begi-bistan. Basauriko industrialdea leihotik ikustean honako hau bota zuen alabak: "Aita, Aitorrek hemen egiten du lan? Ze handia! Ezkutaketan jolas daitezke." Aitak, serio-serio, hori ezinezkoa zela erantzun zion, lantegira lan egitera joaten zela ez ezkutaketan aritzera.

 

Ez dakit zergatik, baina, oraindik, arrotzak egiten zaizkit horrelakoak. Ez lana-jolasa bezalako binomioen planteamenduak, aita-alaba euskaldunak baizik. Egunerokoan euren artean euskaraz egiten duten horiek ezkutatuta daudela esango nuke edo nik, behintzat, oso gutxirekin egiten dut topo. Hala ere, noizbehinka, aipatutako kasuan adibidez, lortzen dut baten bat harrapatzea.

 

Oroitzen dut txikitan, ezkutaketan, ez zitzaidala harrapatzaile izatea gustatzen. Ez dakit gero eta harrapatzaile hobea naizen edo jendea gordelekutik ateratzen hasi den. Onartu beharra daukat: duela urte batzuk uste nuenaren kontra, harrapatzaile izateak badu bere grazia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa