Omniak Laudioko udal gobernuaren “lan egiteko erarekin” desados dagoela adierazi du, EAJren eta PSEren arteko koalizioak 2020ko aurrekontuak oposizioko alderdien adostasunik gabe aurrera eraman dituela argudiatuta.
Omniako kideek azaldu dute eurek proposatutako “ekarpen txiki batzuk” kontuan hartu dituztela, “parte hartzerako aurrekontuak” deitu ahal izateko. Baina gobernu taldearen helburu bakarra aurrekontuak ahalik eta lasterren onartzea izan dela leporatu dio Omniak koalizioari, “urtarrilean indarrean egoteko”.
Taldeak egindako hainbat proposamen geratu dira kanpoan, hala nola, “eskubaloi, hockey eta futbol areto zelairako diru partida, Santa Cruzeko zubirako, hainbat parte hartze prozesu egiteko edota bigarren kiroldegi bat eraikitzeko dirua bideratzea”.
Hala ere, Omniak aipatu du EAJ eta PSE hitzez konprometitu direla altxortegiko diru hondarrekin oposizioak proposatutako egitasmo batzuk aurrera eramatera.
Nahiz eta aurrekontuak urtarrilerako prest egotearekin ados egon, Omniak kritikatu du udal gobernuak “lau hilabete" baliatu dituela aurrekontuak garatzeko, oposizioari “bost egun” baino ez utzita. Horren harira, gobernuko zinegotziak liberatuak daudela gogoratu du alderdiak, eta oposizioko zinegotziek haien lanbideekin uztartu behar dituztela udaleko postuak, aurrekontuak “denbora librean” aztertuta.