Arrañoko probalekuan zegoen Libanoko zedroa bota dutela salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 13a, 07:00
Arrañoko probalekuan zegoen Libanoko zedroa. / lamuzanaturgunea.blogspot.com

Zuhaitza parkeko berezienetarikoa zela nabarmendu dute Lamuza Naturgunea blogeko kideek. Udalak, aldiz, zuhaitza bota izana justifikatu du, zoru publikoa apurtzen ari zela eta etxebizitza batean kalteak eragiten ari zela argudiatuta.

Laudioko Arraño auzoko probalekuan zegoen Libanoko zedroa bota dutela salatu dute Lamuza Parkeko natura hizpide duen blog batean. Atari horretan azaldu dutenez, zuhaitz hori “parkeko bildumako alerik berezienetarikoa” zen,  espezie horretako bakarra zelako.  “Inguruan  zedro gehiago egon  arren, Himalaia eta Atlaseko espezietakoak dira”. Tamaina eta adin apartak zituela ere aipatu dute:  “100 urte inguru zituen, ia 20 metroko garaiera eta 3 metroko perimetroa”.



Blogeko kideen ustez, zaila da mota horretako zedro bat bota izana justifikatzea, “apartekotasun botaniko, historiko eta paisajistikoaz harago, osasun egoera ezin hobean zegoen egitura sendoko zuhaitza zelako, inolako arriskurik suposatzen ez zuena, are gutxiago inguruaren erabilera urria kontuan hartuta”. Horrez gain, zuhaitzaren gaineko edozein ekintza “txosten tekniko zorrotz” batean oinarritua egon beharko litzatekeela uste dute atari botanikoko kideek, “kasu honetan egon ez dena”.

Udalaren adierazpenak
Udalak bere aldetik, zuhaitza bota izana justifikatu du, lur publikoa apurtzen ari zelako eta auzokide baten etxean kalteak eragiten ari zelako, “bereziki teilatuan”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide