“Kontzertu eklektikoa izango da Faktoriakoa, kontraste handietakoa, baina intimoa”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 23a, 07:00

Antzinako instrumentuetan aditua da Maite Larburu. / M.L.

MAITE LARBURU (Hernani, 1979) Hezurren azpian diskoa aurkeztuko du abenduaren 28an Faktorian, 20:00etan, Arrastiak Faktorian ekimenaren barruan.

Hezurren azpian diskoa aurkeztera zoaz Faktoriara. Zure bakarkako lehen lana da, baina Neighbor proiektua du oinarri. Zertan da ezberdina lan hau zure aurreko lanekiko?

Desberdintasunik handiena Joshen faltan legoke. Josh Cheatham da nire neighborra, edo nire Neighbor ekimeneko beste limoi erdia. Neighborren kantuak ere nik idazten nituen, baina Joshen apaindurek hornituta.

Oraingoan, ez dago Joshen ukiturik. Hori eta biolinak leku gehiago hartu duela esango nuke. Aida Torres eta Beñat Iturriozen kolaborazioa ere berria izan da; Carlos Taroncher klarinete kontrabaxu jotzaileak Neighborren bigarren diskoan (HAU, 2017) ere parte hartu zuen. Eta, orain arte ez bezala, Hezurren azpian laneko hitz zenbait Harkaitz Canok idatzi ditu.

Instrumentu klasikoekin eginiko pop estiloko musika egiten duzula entzun dut elkarrizketa batean. Entzule ororentzako musika egiten duzula esango zenuke?

Etiketekin ez naiz oso ongi konpontzen... Oraintxe ikusiko duzu: musika tresna klasikoekin egindako pop musika balitz nirea... ez nuke gitarra elektrikoa erabiliko, edota sukaldeko lapiko, zartagin eta kafe txigorgailurik... Baina noski, lehendabizi "klasikoa" zer den definitu beharko genuke. Klasikoa ere izan bailiteke gitarra elektrikoa eta, batez ere, budinezko kazuela bat, tresna erabat klasikoa, sukaldean behintzat.

Nik uste dut nire musika tresna hautua eta haien konbinazioa ez dela oso klasikoa edo ohikoa. Hala ere, den-dena dago jada konposatu eta egina. Sukaldeko tresnekin, elektronikarekin, biolinarekin edota, Cage-n kasuan, ezer gabe ere. Ene! Erantzun ote dizut? Nire musika entzule ororentzako da. Belarririk baduzu, behintzat! (barreak) Baina agian... Zer da entzule oro? Bagoaz berriro ere...

Nolakoa izango da abenduaren 28ko kontzertua?

Carlos Taroncher eta ni izango gara Faktorian. Kontzertu eklektikoa izango da, kontraste handietakoa, baina intimoa, hezurren azpian dagoena bezain gertukoa.

Zer pisu dute letrek zure abestietan?

Pisu ikaragarria. Hitza musikaz margotzen saiatzen naiz. Hitza musikarekin idazten. Eta alderantziz: musika hitzarekin jotzen, musika hitzez laguntzen.

Irudiari ere garrantzia ematen diozu, Gona kantaren bideoklipean ikusi daitekeenez.

Gona kantua oso bisuala da. Horregatik aukeratu nuen bideokliperako. Ondoren, batak bestea lagundu zuen... Bikaina izan zen Asier Altuna eta Marian Fernandezen erantzuna, ideia, asmoa, gogoa, kliperako lokalizazio eta jende hautaketa... Batzuetan denak bat egiten du eta klik! zoragarria den zerbait martxan jartzen da; Gonaren kasuan hala izan da.

Proiektu asko dituzu esku artean. Nola moldatzen zara ideia guztiak aurrera ateratzeko?

Nahiko larri, egia esaten badizut. Biolinjolea naiz ogibidez eta XVII-XVIII. mendeetako musika eginez bizi naiz, bizi izan naiz azken 15 urteetan. Europa erdialdean dago nire lan zirkuitua (2018ra arte Amsterdamen bizi nintzen) eta inguru haietan ibili izan naiz jo eta fuego. Orain ordea, Neighborren ondorioz eta Hezurren azpian dela eta, beste proiektu motak hasi zaizkit sortzen Euskal Herrian... Eta hangoa hemengoarekin konbinatzen ari naiz saiatzen... Ez da gauza erraza! Baina bai aberasgarria.

Nire musikagintzan aurrerapauso handi bat ematen ari naizen susmoa dut, eta aldaketak ere ondo hartzen dituen musikaria naiz. Esaterako, aspaldiko partez, udazkenean Euskal Herrian izan naiz, Eñaut Elorrietaren diskoan kolaboratu dudalako, nire zuzenekoak eta beste kolaborazioak direla eta. Urritik ez naizela atzerrian egon, eta datorren astean Belgika eta Londresen kontzertuak ditut eta poz-pozik nago hara joan eta txipa aldatzeko! Beti kanpoan nabilenetan berriz etxera etortzeko gogoa izaten dut. Errutinatik ateratzeak denbora luzarazi egiten du. Eta nire musika ala popagoa egin ondoren Bach edota Buxtehude egiten hasten naizenean, zoragarria iruditzen zait aldaketa! Hunkigarria!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide