Aretako Kultur Etxea, 40 urte herritik eta herriarentzat lanean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 23a, 08:00

Ekintza andana egiten dira baserri birgaituaren barruan. / Aretako Gazte Asanblada

Otsailean itxi zuten eraikinean zegoen taberna, baina kultur jarduera mantendu eta indartu egin da. Tailer eta ekintza andana antolatzen dira astero bertan.

Lau hamarkadako ibilbidea bete du aurten Aretako Kultur Etxeak. 1979. urtean hainbat talde kultural eta sozialek Laudioko Udalera jo zuten espazio baten eske, Aretan kultura zabaldu eta garatzeko. Ez zuten erantzunik jaso. Gauzak hala, euren kabuz soluzio bat bilatzea erabaki zuten bizilagunek. “Ez zen alokairuan hartzeko moduko lokalik topatu, baina Errementeria baserria eskuratzeko aukera suertatu zen”, oroitu dute ekimenaren sustatzaileek. Elkarte bat eratu zuten horretarako, Aretako Kultura Etxea Untzeta-Mendi izenekoa.

Kreditu bat eskatu zuten eraikina erosteko, Aretako 17 bizilagunen abalarekin. Zozketak eta bestelako ekimenak burutu zituzten dirua biltzeko. Bizilagunek euren kabuz “horrelako espazio bat erosi eta kudeatu” izana jarri dute balioan Kultur Etxeko gaur egungo kideek, egitasmoak “parekorik ez duela” iritzita.

Auzolanean
Baserria berritzeko ere auzolana izan zuten ardatz. Bizilagun ugari bertaratu ziren espazioa atontzeko lanetara, bakoitzak zituen ezagutzak komunean jarriz. Obra amaitzeko udalaren laguntza jaso zen, eta altzariak erosteko dirua ere eskatu zioten tokiko erakundeari.

Ordutik ona “oso modu berdintsuan” funtzionatu du espazioak, kudeatzaileen arabera: “Kultur etxearen inguruko taldeek gune propioa dute eraikinean, biltzeko, materiala gordetzeko eta ekintzak antolatzeko. Horrez gain, areto komun bat dago, erabilera librerako zein programatutako jarduerak aurrera ateratzeko”. Nabarmendu dutenez, antolatzen diren ekintzak ez dira Kultur etxera mugatzen, “Areta osora” zabaltzen baitira.

Tabernaren itxiera
Eraikinaren sarreran, aldiz, taberna kokatu zuten. Hainbat funtzio eman zizkioten espazio horri: lokalaren irekiera erraztea, espazioa kudeatzea eta giltzen kontrola eramatea, besteak beste.

Iragan otsailean, baina, taberna itxi egin zuten, ordura arteko kudeatzaileek utzi egin zutelako eta ez zelako inor agertu lekukoa hartzeko prest. Gauzak hala, ordutik hona talde bakoitza arduratu da lokala irekitzeaz, eta Kultur etxeko junta izan da erabilerak berrikusteaz arduratu dena.

Inoiz baino biziago
Beraz, tabernarekin edo taberna gabe, Kultur etxea inoiz baino biziago dagoela esan daiteke. Jarduera andana egiten da baserriaren barruan. Pandero, eskulan, pilates, euskara, dantza, sukaldaritza, joste, zunba eta  gaita klaseak eskaintzen dira astero, besteak beste.

Horrez gain, sarritan irekitzen da eraikina, erabilera anitzeko areto gisa. Umeentzako tailerrak, Olentzero eta Mari Domingiren bisita, inauteriak, ludoteka eta beste hainbat jarduera egiten dira lau hormen aterpean.  Ekimen puntualagoak garatzeko ere baliatzen da eraikina: bizilagunen bilerak, auzo batzarrak, Sorgin Zapatuak edota hitzaldiak, besteak beste.

Gaur egun, Aretako eragile ugarik erabiltzen dute espazioa euren jarduna burutzeko: Aretako Jai Batzordea, Areta Trail, Pinpili aisialdi taldea, Aretako Gazte Asanblada, Areta-Beti (asto lasterketa antolatzen duen taldea) eta Untzueta. “Gainera, guraso elkarteak ere hainbat ekimen egiten ditu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide